Saltatu edukira

Zer da bataioa?

Zer da bataioa?

Bibliaren erantzuna

 Bataiatzea pertsona bat urperatzea eta uretatik ateratzea da. a Honek Jesus ur dexente zegoen ibai batean zergatik bataiatu zen erakusten du (Mateo 3:13, 16). Modu berean, etiopiar batek bataiatu nahi izan zuenean, bera eta Felipe «uretara jaitsi ziren» (Eginak 8:36-40).

Bataioaren esanahia

 Bibliak bataiatzea lurperatzearekin konparatzen du (Erromatarrei 6:4; Kolosarrei 2:12). Uretan bataiatzea gure aurreko bizimodua baztertzea, edo hilaraztea, eta Jainkoari eskainitako bizimodu berri bat hastea da. Bataioa eta bataiora iristeko eman beharreko pausoei esker, kontzientzia garbia izan dezakegu Jainkoaren aurrean. Kontzientzia garbi hau lortzeko, Jesusen sakrifizioan fedea izatea beharrezkoa da (1 Pedro 3:21). Gainera, Jesusek bere jarraitzaileak bataiatu behar direla irakatsi zuen (Mateo 28:19, 20).

Garbitzen al ditu gure bekatuak uretan bataiatzeak?

 Ez. Gure bekatuak Jesusen odolak bakarrik garbitu ditzakeela irakasten du Bibliak (Erromatarrei 5:8, 9; 1 Joan 1:7). Bere sakrifizioak eskaintzen digunaz gozatzeko, honakoa egin behar dugu: fedea erakutsi, gure bizimoduan aldaketak egin Jesusen irakaspenak jarraitzeko eta bataiatu (Eginak 2:38; 3:19).

Erakusten al du Bibliak haurtxoak bataiatu behar direnik?

 Ez. Biblian ez da inon aipatzen haurtxoak bataiatu behar direnik. Erlijio batzuetan haurtxoak bataiatzen dituzte buruan ura isuriz, eta ondoren hauei izena jartzen diete. Kristau izateko bataiatu nahi duenak Jainkoaren Erreinuaren berri onak ulertu eta hauetan sinetsi behar du (Eginak 8:12). Pertsona hauek Jainkoaren hitza entzun eta onartzeaz gain, damutu egin behar dira. Haurtxo bat ez da hau guztia egiteko gai (Eginak 2:22, 38, 41).

 Gainera, gurasoen leialtasunari esker, euren haurtxoak Jainkoaren aurrean santuak edo garbiak direla erakusten du Bibliak (1 Korintoarrei 7:14). Baina haur txikien bataioa onargarria izango balitz, Jainkoaren aurrean garbiak izateko ez lukete gurasoen ekintza onen beharrik izango. b

Kristau-bataioari buruzko ideia okerrak

 Ideia okerra: Norbait bataiatzeko ez dago gorputz osoa urperatzeko beharrik; gainetik ura isurtzearekin nahikoa da.

 Ideia zuzena: Biblian aipatzen diren bataio guztietan, pertsona urperatzen da. Adibidez, Felipek gizon etiopiarra bataiatzerakoan, «biak uretara jaitsi ziren» eta «uretatik atera» ziren (Eginak 8:36-39). c

 Ideia okerra: Bibliak familia osoak bataiatu zirela esaten duenean, haurtxoak talde honen barnean zeudela aditzera ematen du. Adibidez, Filipoko kartzelazainari buruz honakoa dio: «Berehala bataiatu zen beretar [familia kide] guztiekin batera» (Eginak 16:31-34).

 Ideia zuzena: Bataiatu zirenak «Jaunaren mezua» ulertu zutela eta ondorioz poztu egin zirela azaltzen du kartzelazainaren pasarteak (Eginak 16:32, 34). Honen arabera, haurtxoak ezin izan ziren bataiatu, ezin zutelako Jehobaren hitza ulertu.

 Ideia okerra: Jesusek Erreinua haurrena dela esan zuenean, haurtxoak bataiatu behar zirela irakatsi zuen (Mateo 19:13-15NWT; Markos 10:13-16NWT).

 Ideia zuzena: Jesus ez zen bataioari buruz ari hitz hauek aipatu zituenean. Horren ordez, Jainkoaren Erreinuaren parte izateko haurrak bezalakoak izan behar zirela, hau da, apalak izan behar zirela eta ikasteko prest egon behar zutela adierazten ari zen (Mateo 18:4; Lukas 18:16, 17).

a Itun Berriko hiztegi teologiko baten arabera, «bataio» hitz grekoaren erroak «urperatu» esan nahi du (Ikusi Theological Dictionary of the New Testament, I. libk., 529. or., Gerhard Kittel, itz.:Geoffrey W. Bromiley).

b Biblia-entziklopedia baten arabera, «I[tun] B[errian] ez da haurtxoen bataioaren ideia agertzen». Bataioa hurrengo arrazoiagatik zabaldu zela dio: «Bataioari gehiegizko eta okerreko balioa eman zitzaion», hau da, bataiatzearen ekintzak berak bekatuak garbitu zitzakeela pentsatzen zen (The International Standard Bible Encyclopedia, I. libk., 416 eta 417. or., Geoffrey W. Bromiley).

c New Catholic Encyclopedia-k honakoa dio «Bataioa (Biblian)» sarreran: «Argi dago eliza primitiboan bataioa urperatuz burutzen zela» (II. libk., 59. or.).