Zer da Jainkoaren Erreinua?
Bibliaren erantzuna
«Jainkoaren Erregetza» edo Erreinua Jehobak ezarri duen benetako gobernu bat da (Markos 1:14, 15). Biblian Erreinu honi «zeruetako Erreinua» ere deitzen zaio, zerutik agintzen baitu (Mateo 4:17, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta, ortografia eguneratuta). Nahiz eta giza gobernuekin antzekotasunak izan, gobernu honek ez du parekorik.
Agintariak. Jainkoak Jesu Kristo izendatu du Erreinuaren Errege izateko eta edozein giza agintarik izan dezakeena baino autoritate handiagoa eman dio (Mateo 28:18). Jesusek ahalmen hau gauza onak egiteko bakarrik erabiltzen du. Izan ere, dagoeneko Buruzagi fidagarri eta errukitsua dela frogatu du (Mateo 4:23; Markos 1:40, 41; 6:31-34; Lukas 7:11-17). Jainkoaren gida jarraituz Jesusek nazio guztietako pertsonak aukeratu ditu eta berarekin batera zerutik «lur osoan errege izango dira» (Apokalipsia 5:9, 10).
Iraupena. Giza gobernuak agertu eta desagertu egiten dira. Baina Jainkoaren Erreinua ez da inoiz ere suntsitua izango (Daniel 2:44).
Herritarrak. Jainkoaren esana betetzen duen edonor izan daiteke Jainkoaren Erreinuko herritarra, bere jatorria zein den inporta gabe (Eginak 10:34, 35).
Legeak. Jainkoaren Erreinuko legeek edo aginduek jokaera txarrak debekatzeaz gain, herritarren balio moralak hobetzen dituzte. Adibidez, Bibliak hurrengoa dio: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz. Hori da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Mateo 22:37-39). Jainkoa eta lagun hurkoa maite dituztenez, Erreinuko herritarrak besteez arduratzen dira.
Hezkuntza. Herritarren balio moralak hobetzen dituzten legeak ezartzeaz gain, Jainkoaren Erreinuak hauek betetzen irakasten die (Isaias 48:17, 18).
Helburua. Jainkoaren Erreinuak ez ditu bere agintariak herritarren kontura aberasten. Horren ordez, Jainkoaren nahia beteko du, besteak beste, Jainkoa maite dutenak paradisu bihurtutako lurrean betirako bizitzea (Isaias 35:1, 5, 6; Mateo 6:10; Apokalipsia 21:1-4).