Saltatu edukira

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

«Kale gorrian bizi nintzen»

«Kale gorrian bizi nintzen»
  • Jaiotze urtea: 1955

  • Jatorrizko herrialdea: Espainia

  • Historia: Drogazalea, biolentoa eta mozkorra

NIRE IRAGANA

 Pertsona batzuek denbora asko behar izaten dute beraien bizipen txarretatik ikasteko. Ni horrelakoa nintzen. Bartzelonan jaio eta hazi nintzen. Hiri hau tamainan Espainiako bigarrena da. Somorrostro izeneko auzoan bizi nintzen familiarekin. Bartzelonako hondartzaren zati handi bat auzo honetan zegoen eta, krimena eta drogen salerosketagatik, oso izen txarra zuen.

 Bederatzi anai-arrebetatik zaharrena nintzen. Sosik ez genuenez, aitak hiriko tenis klub batera bidali ninduen lanera, pilota jasotzaile bezala. Hamar urte nituen eta egunean hamar orduz egiten nuen lan. Horregatik, ezin izan nuen beste haurrek bezala eskolara joan. 14 urte nituenean, metalezko piezak egiten zituen tailer batean hasi nintzen lanean.

1975⁠ean, Afrika iparraldeko Espainiar Legioan izena eman nuen. Uniforme berezi bat jantzi behar nuen

 1975⁠ean, soldaduskara deitu zidaten. Garai hartan zerbitzu militarra derrigorrezkoa zen Espainian. Bizitzan emozio pixka bat nahi nuenez, Espainiar Legioan izena eman nuen Melillan, Afrika iparraldean dagoen Espainiar lurralde batean. Garai hartan sartu nintzen bete-betean droga eta alkoholaren mundu nazkagarrian.

 Legioa utzi nuenean, Bartzelonara itzuli nintzen eta gaizkile banda bat sortu nuen. Edozer gauza lapurtu eta saldu egiten genuen diruarekin drogak erosteko. LSD eta anfetaminak hartzen hasi nintzen eta nire bizitza sexua, alkohola eta apustuak besterik ez zen. Bizitza mota horrek, gero eta biolentoagoa izatera eraman ninduen. Beti gainean nuen labana, aizkora edo matxetea. Eta beharra ikusten banuen, ez nuen erabiltzeko batere arazorik.

 Behin, nire lagunekin batera, auto bat lapurtu genuen eta polizia segika hasi zitzaigun. Pelikula bat ematen zuen. 30 kilometro ihes egitea lortu genuen polizia tiroka hasi zen arte. Azkenean, istripua izan eta handik hanka egin genuen. Aitak jakin zuenean, normala den bezala, etxetik bota ninduen.

 Hurrengo 5 urteetan kale gorrian bizi izan nintzen. Portaletan, kamioietan, parkeetako bankuetan eta hilerrietan egiten nuen lo. Denbora batez, kobazulo batean ere bizi izan nintzen. Nire bizitzak ez zuen zentzurik. Garai hartan uste nuen inori ez zitzaiola inporta hilik ala bizirik nengoen. Ondo gogoratzen dut drogatuta nengoenean, eskumutur eta besoetan zauriak egiten nituela. Oraindik ere markak ditut.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

 28 urte nituenean, ama bila etorri eta etxera bueltatzeko eskatu zidan. Baietz esan nion eta bizitza zuzenduko nuela hitz eman nion. Baina denbora asko behar izan nuen nire promesa betetzeko.

 Arratsalde batean Jehobaren bi lekukok atea jo zuten. Beraiei entzuten ari nintzela aitak atea euren muturretan ixteko oihukatu zidan. Baina, ez zitzaidanez aginduak obeditzea gustatzen, ez nion kasurik egin. Hiru liburutxo eskaini zizkidaten eta pozik hartu nituen. Non biltzen ziren galdetu nien eta egun batzuk beranduago bilera aretoko sarreran azaldu nintzen.

 Berehala konturatu nintzen denak dotore-dotore jantzita zeudela. Nik berriz, ile luzea, bizarra utzi-utzia eta arropa zaharrak nituen. Argi ikusi nuen hura ez zela nire tokia, beraz, kanpoan gelditu nintzen. Baina, momentu horretan, banda munduan ibilitako eta nire laguna izandako Juan ikusi nuen. Harrituta gelditu nintzen bera han ikustean eta, gainera, trajez jantzita zegoen. Geroago jakin nuenez, Jehobaren lekuko egin zen urtebete lehenago. Bera han ikusteak konfiantza eman zidan eta aretora sartu nintzen. Orduantxe hasi zen aldatzen nire bizitza.

 Biblia ikastaroa onartu nuen eta segituan konturatu nintzen Jainkoaren onespena nahi banuen, aldaketa handiak egin behar nituela. Adibidez, bizimodu biolento eta moralgabea atzean utzi behar nuen. Baina aldaketak egitea ez zen batere erraza izan. Jehoba nirekin pozik egoteko, guztiz aldatu behar nuela ikasi nuen. Nire pentsaera berritu behar nuen (Erromatarrei 12:2). Zeharo hunkitu ninduen gauza bat Jehobaren errukia izan zen. Nahiz eta hanka sartze handiak egin, berriz hasteko aukera ematen ari zitzaidala sentitu nuen. Jehobari buruz ikasi nuena bihotzeraino iritsi zitzaidan. Argi ikusi nuen Sortzaile bat dagoela eta nitaz arduratzen dela (1 Pedro 5:6, 7).

 Hau jakiteak, aldaketak egiteko indarra eman zidan. Adibidez, ikastaroan, tabakoari buruz hitz egin genuenean, pentsatu nuen: «Jehobak zentzu guztietan garbi eta kutsatu gabe egotea nahi badu, zigarro hauek desagertu behar dute!» (2 Korintoarrei 7:1). Eta zaborretara bota nituen!

 Gainera, drogak hartzeari eta saltzeari utzi behar nion. Hori zailagoa egin zitzaidan. Horretarako, lehen nituen lagunak utzi behar nituen, ez zidatelako espiritualki aurrera egiten laguntzen. Denborarekin, Jehoba eta kongregazioko lagun berriengan konfiantza gehiago jartzen hasi nintzen. Ordurarte ez nuen inoiz halako maitasun eta interesik sentitu. Hilabete batzuen ondoren, drogak utzi eta izaera berria jantzi ahal izan nuen. Honek, Jehoba pozten lagunduko zidan (Efesoarrei 4:24). 1985⁠eko abuztuan Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen.

NIRE ONERAKO IZAN DA

 Bibliak aukera berri bat eman zidan. Gorputza hondatzen eta duintasuna lapurtzen ari zitzaidan bizimodutik askatu ninduen. Izan ere, nire 30 lagun baino gehiago gazte hil ziren HIESa edo drogekin zerikusia zuten gaixotasunen ondorioz. Biblia printzipioak jarraitu izanak horrelako amaiera tristetik libratu nau. Zenbat eskertzen dudan hori!

 Gazte biolentoa nintzeneko labana eta aizkorak iraganeko kontuak dira. Nork esango zidan horien ordez jendea laguntzeko Biblia eramango nuela! Gaur egun emaztea eta biok denbora gehiena predikatzeko erabiltzen dugu.

 Nire gurasoak ez ziren inoiz Jehobaren lekuko egin, baina Biblia ikasteak asko lagundu zidala onartu zuten. Aita bere lagunen aurrean Lekukoak defendatzera ere iritsi zen. Hain argi ikusten zuen nire sinesmen berriak bizitza hobetu zidala! Amak askotan Biblia lehenagotik ikasten hasi behar nuela esaten zidan. Arrazoi osoa zuen!

 Ez du batere zentzurik zoriontasuna droga eta beste bizioetan bilatzeak. Benetan zoriontsu egiten nauena besteekin Bibliako egiak konpartitzea da. Hori da ikasi dudana. Egia hauek bizia salbatu zidaten.