Saltatu edukira

IKUSPUNTU BIBLIKOA

Zortezko jokoak

Zortezko jokoak

Batzuentzat zortezko jokoak ez dira kaltegarriak. Baina beste batzuen ustez arriskutsuak dira.

Ba al dute ezer txarrik zortezko jokoek?

ZER DIO JENDEAK?

Askorentzat zortezko jokoak kalterik egiten ez duten entretenimendua dira, legearen barruan praktikatzen diren bitartean. Zortezko joko batzuen diruaren zati bat jendeari laguntzeko ere erabiltzen da, esaterako, gobernuek antolatutako loteria batzuena.

ZER DIO BIBLIAK?

Bibliak ez ditu zehatz-mehatz zortezko jokoak aipatzen. Baina Jainkoak hauei buruz pentsatzen duena erakusten digu.

Zortezko jokoen oinarria besteen kontura dirua irabaztea da. Baina hau Bibliaren aholkuaren aurka doa: «Kontuz! Gorde diru-gosetik» (Lukas 12:15). Izan ere, jende asko diru-gosea daukalako ibiltzen da zortezko jokoetan. Zortezko jokoen munduak sari itzelak iragartzen ditu. Baina, ez ditu adierazten hauek irabazteko dauden aukera kaxkarrak. Mundu horretako erakundeek badakite aberatsa izateko ametsak diru asko jokatzera eramaten duela jendea. Hauei diru-gosetik libratzen lagundu beharrean, zortezko jokoek dirua erraz irabazteko desira pizten diete.

Zortezko jokoak berekoikerian oinarrituta daude. Izan ere, jokalariek besteek galdu duten dirua irabazi nahi dute. Baina Bibliak ondorengoa egitera animatzen gaitu: «Ez bedi inor bere buruaren onaren bila ibil, besterenaren bila baizik» (1 Korintoarrei 10:24). Eta Hamar Aginduetako batek dio: «Ez gutiziatu lagun hurkoarenik ezer» (Irteera 20:17). Jokalari batek irabaztea espero duenean, berez, besteek dirua galtzea nahi du, berak diru hori irabazteko.

Bibliak, gainera, sineskerian eta zorte onean sinesteaz ohartarazten du. Antzinako Israelen, Jainkoarengan sinesten ez zuten batzuek «Zorion eta Patu izeneko jainkoentzat mahaia prestatu» zuten. Onargarria al zen hori Jainkoarentzat? Ez. Honakoa esan zien: «Niri gaizki iruditzen zaidana egin zenuten, nahi ez dudana aukeratu» (Isaias 65:11, 12).

Egia da munduko toki batzuetan gobernuek zortezko jokoetatik ateratako diruaren zati bat hezkuntzarako, ekonomia bultzatzeko edo jendeari laguntzeko programetarako erabiltzen dutela. Baina diru horren erabilerak ez du jatorria aldatzen. Diru hau berekoikeria eta diru-gosea bultzatzen duten jardueretatik dator, eta gauzak esfortzurik gabe lortzeko ideia bultzatzen dute hauek.

«Ez gutiziatu lagun hurkoarenik ezer» (Irteera 20:17).

Zer kalte eragiten dute zortezko jokoek?

ZER DIO BIBLIAK?

Bibliaren arabera, «aberats izan nahi dutenak tentaldiaren sarean eta gizakia hondatzen eta galtzen duten grina zoro eta kaltegarri askotan erortzen dira» (1 Timoteori 6:9). Zortezko jokoen oinarria «gutizia» edo kodizia da. Kodiziak hainbeste kalte sortzen du, non Bibliak baztertu egin behar dugula esaten duen argi eta garbi (Efesoarrei 5:3).

Zortezko jokoek dirua maitatzera bultzatu gaitzakete, dirua esfortzurik gabe lortzeko promesa egiten dutelako. Baina Bibliak dio: «Zeren diru-gosea baita gaitz guztien sustraia». Dirua lortzeko desira oso bizia izan daiteke. Ondorioz, antsietatea sortu eta Jainkoarengan dugun fedea kaltetu dezake. Dirua maite dutenak «atsekabe asko bereganatu» dutenekin konparatzen ditu Bibliak (1 Timoteori 6:10).

Kodiziak dugunarekin pozik ez egotera eta zoriontsu ez izatera eraman gaitzake. «Diruzalea ez da inola asetzen, aberastasuna maite duenak ez du onurarik» (Kohelet 5:9 [5:10, NWT]).

Zortezko jokoetan hasi ziren milioika pertsona, orain, hauen menpe dira. Txosten batzuen arabera, Estatu Batuetan milioika lagunek dute menpekotasun hau.

Esaera zahar batek dio: «Hasieran bizkorregi lortutako aberastasunak azkenean ez du atarramentu onik izaten» (Esaera Zaharrak 20:21). Zortezko jokoen ondorioz, askok zorrak egin dituzte edota diru guztia galdu dute. Gainera, lana, ezkontidea eta lagunak galdu dituzte. Bibliak dioena egiteak zortezko jokoen kalteetatik babesten gaitu.

«Aberats izan nahi dutenak tentaldiaren sarean eta gizakia hondatzen eta galtzen duten grina zoro eta kaltegarri askotan erortzen dira» (1 Timoteori 6:9).