Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

27. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 73. KANTA Emaguzu kemena

Tzadok bezain ausarta izan

Tzadok bezain ausarta izan

«Tzadok […] gazte indartsu eta ausarta [zen]» (1 KRO. 12:28, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Tzadoken ereduak ausartak izaten laguntzen digu. Zein modutan?

1, 2. Nor izan zen Tzadok? (1 Kronikak 12:22, 26-28, NWT)

 IRUDIKATU hurrengo eszena: 340.000 gizon elkartu dira Dabid Israelgo errege egiteko. Gizon hauek Hebron inguruko mendietan egon dira hiru egunez. Bertan, barreak bota, elkarrekin hitz egin eta Jehobari gorespen kantak abestu dizkiote (1 Kro. 12:40 [12:39, NWT]). Jendetza guzti horren artean, Tzadok izeneko gazte bat dago. Ziurrenik inor ez da konturatu bera bertan dagoenik, baina Jehoba bai. Ez hori bakarrik; guk ere Tzadok bertan egon zela jakitea nahi izan du Jainkoak (Irakurri 1 Kronikak 12:22, 26-28, NWT a). Baina nor izan zen Tzadok?

2 Tzadok apaiza izan zen, eta Abiatar apaiz nagusiarekin batera lan egin zuen. Gainera, Jainkoak Tzadoki jakinduria handia eta bere nahia ulertzeko gaitasuna eman zizkion (2 Sam. 15:27). Ondorioz, jendeak berarengana jotzen zuen aholku bila. Baina horretaz gain, Tzadok gizon ausarta ere izan zen. Horregatik, artikulu honetan, Tzadokek ausardia nola erakutsi zuen aztertuko dugu.

3. a) Zergatik izan behar dugu ausartak Jehobaren zerbitzariok? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Azken egun hauetan, Satanas Jehobaren herriaren aurkako erasoak intentsifikatzen ari da (1 Ped. 5:8). Beraz, ausartak izan behar dugu Jehobak Satanas eta sistema gaizto hau suntsitu arte (Sal. 31:25 [31:24, NWT]). Nola imitatu dezakegu Tzadoken ausardia? Ikus ditzagun hiru modu.

JAINKOAREN ERREINUAREN ALDE JARRIZ

4. Zergatik behar dugu ausardia Jehobaren zerbitzariok Jainkoaren Erreinuaren alde jartzeko? (Ikusi irudia ere)

4 Jehobaren zerbitzariok Jainkoaren Erreinuaren alde erabat jartzen gara (Mat. 6:33). Baina, noski, hau egiteko, askotan ausardia behar dugu. Adibidez, mundu gaizto honetan Jehobaren arauen arabera bizitzeko eta Erreinuaren berri onak predikatzeko, ausardia izatea beharrezkoa da (1 Tes. 2:2). Gainera, mundua gero eta banatuago dago gai politikoetan. Beraz, askotan ausardia ere behar dugu neutral mantentzeko (Joan 18:36). Anai-arreba askok, gai politikoetan edo jarduera militarretan parte ez hartzeagatik, arazo ekonomikoak sufritu dituzte. Eta beste batzuk jipoituak edo espetxeratuak izan dira.

Besteek gai politikoetan alde batera edo bestera egiten dutenean, zer egingo duzu zuk? (Ikusi 4. paragrafoa)


5. Zergatik behar izan zuen Tzadokek ausardia Dabiden alde jartzeko?

5 Tzadok ez zen Hebronera soilik Dabiden erregetza ospatzera joan. Bere armak eraman zituen, eta batailarako prest zegoen (1 Kro. 12:39 [12:38, NWT]). Dabidekin batera borrokatu eta Israel bere etsaiengandik defendatu nahi zuen. Baina ziurrenik Tzadokek ez zuen soldadu bezala esperientzia handirik izango. Hala ere, oso gizon ausarta zen.

6. Zergatik izan zen Dabid ausardia eredu bat Tzadokentzat? (138. Salmoa 3)

6 Nola ikasi zuen Tzadok bezalako apaiz batek hain ausarta izaten? Bere inguruan zeuden gizon indartsu eta ausarten ereduetatik ikasiz. Gizon horien artean, Dabid zegoen. Bera lider eta gerlari ausarta izan zenez, israeldar guztiek bera errege egin nahi izan zuten (1 Kro. 11:1, 2). Dabidek bere etsaien aurka borrokatu zuen bakoitzean, konfiantza Jehobaren laguntzan jartzen zuen (Sal. 28:7; irakurri 138. Salmoa 3). Tzadokek Dabiden alde jarri ziren beste hainbat gizon ausarten ereduetatik ere ikasi zuen. Hauen artean, Joiada, Benaias gerlaria eta beste 22 buruzagi zeuden (1 Kro. 11:22-25; 1 Kro. 12:26-28, NWT). Gizon guzti hauek Dabid errege egiteko eta babesteko determinazioa izan zuten.

7. a) Zer ausardia eredu ditugu gaur egun? b) Bideoan azaltzen den bezala, zer ikasten dugu Nsilu anaiaren eredutik?

7 Askok ausardia handia erakutsi behar izan dute Jehobari eta bere Erreinuari leial izaten jarraitzeko. Pertsona hauen ereduetan hausnartzen badugu, guk ere ausartak izateko indarrak izango ditugu. Adibidez, gure Errege Jesu Kristo Satanasen sistema politikoan murgiltzeko presionatu zutenean, tinko mantendu zen (Mat. 4:8-11; Joan 6:14, 15). Beti izan zuen konfiantza Jehobarengan, eta ondo zegoena egiteko behar zuen ausardia eskatzen zion. Gaur egun ere, zerbitzu militarra egitea edo gai politikoetan parte hartzea baztertu duten anaia gazteen eredu asko ditugu. Zergatik ez dituzu jw.org webgunean azaltzen diren gazte hauen bizipenak irakurtzen? b

ANAI-ARREBAK LAGUNDUZ

8. Noiz erakutsi behar dute adindunek ausardia anai-arrebei laguntzeko?

8 Jehobaren zerbitzarioi asko gustatzen zaigu elkarri laguntzea (2 Ko. 8:4, NWT). Hala ere, batzuetan, hau egiteko ausardia behar da. Adibidez, gerra bat dagoenean, bertako adindunek badakite anai-arrebek animoa, babesa eta, agian, laguntza espirituala eta materiala behar dutela. Adindunek anai-arrebak maite dituztenez, behar dutena emateko prest daude, baita hau egitea oso arriskutsua denean ere (Joan 15:12, 13). Honela, Tzadoken ausardia eredua imitatzen dute.

9. ​2 Samuel 15:27-29​aren arabera, zer egiteko eskatu zion Dabidek Tzadoki? (Ikusi irudia ere)

9 Azter dezagun nola lagundu zien Tzadokek bere lagunei garai arriskutsuetan. Absalomek bere aita Dabid hil nahi izan zuen tronua usurpatzeko (2 Sam. 15:12, 13). Beraz, Dabidek Jerusalemetik ziztu bizian ihes egin behar izan zuen. Bere zerbitzariei honakoa esan zien: «Goazen ihesi, bestela Absalomek ez digu ihesbiderik utziko» (2 Sam. 15:14). Zerbitzariak ihes egiten ari zirela, Dabid ondorengoaz konturatu zen: norbait Jerusalemen gelditu behar zela Absalomen planei buruz berari informatzeko. Beraz, Tzadok eta beste apaiz batzuei hirira itzultzeko eskatu zien bere espioi izateko (Irakurri 2 Samuel 15:27-29). Gizon hauek kontu handiz jokatu behar zuten, Dabidek eskatu ziena oso arriskutsua baitzen. Beraien biziak jokoan zeuden! Absalom bere aita traizionatu zuen gizon berekoi eta biolentoa zen. Imajinatu zer egiteko gai izango zen Absalom Tzadok eta beste apaizak bera espiatzen ari zirela jakin izan balu!

Dabidek eginkizun arriskutsu bat betetzera bidali zuen Tzadok (Ikusi 9. paragrafoa)


10. Nola babestu zuten Tzadok eta beste apaizek Dabid?

10 Dabidek Tzadoki eta beste lagun leial bati, Huxairi, bere plana aurrera ateratzeko laguntza eskatu zien (2 Sam. 15:32-37). Huxaik Absalomen alde zegoen itxurak egin beharko zituen. Horrela, Dabidi eraso baten aurrean prestatzen lagunduko zion estrategia militar bat aholkatu ahalko zion Absalomi. Absalomek Huxairen aholkuari kasu egin ondoren, Huxaik erasoa nola izango zen kontatu zien Tzadok eta Abiatarri (2 Sam. 17:8-16). Gero, Tzadok eta Abiatarrek Dabidi mezu bat bidali zioten (2 Sam. 17:17). Horrela, Jehobaren laguntzarekin, Tzadok eta beste apaizek Dabid babestu zuten (2 Sam. 17:21, 22).

11. Nola izan gaitezke Tzadok bezain ausartak anai-arrebei laguntzean?

11 Gure anai-arrebak arriskuan badaude eta beraiei laguntzeko eskatzen badigute, nola izan gaitezke Tzadok bezain ausartak? 1) Gida jarraituz. Egoera arriskutsuetan, garrantzitsua da elkartuta mantentzea. Beraz, zure eremuko sukurtsalak ematen dituen jarraibideak obeditu (Heb. 13:17, NWT). Bestalde, adindunek larrialdietarako prestaketekin lotutako jarraibideak jasotzen dituzte, baita larrialdi bat gertatu ondoren eman beharreko pausoekin lotutakoak ere. Oso garrantzitsua da adindunek jarraibide hauek erregularki berrikustea (1 Ko. 14:33, 40). 2) Ausartak eta, aldi berean, zentzudunak izanez (Esa. 22:3). Erabili zentzu ona eta saihestu beharrezkoak ez diren arriskuak. 3) Jehobarengan konfiantza izanez. Gogoan izan Jehobak, bai zu, bai anai-arrebak salbu egotea nahi duela. Jehobak anai-arrebei behar dutena modu seguru batean ematen lagundu ahal dizu.

12, 13. Zer ikasten dugu Viktor eta Vitalii-ren bizipenetik? (Ikusi irudia ere)

12 Azter dezagun Viktor eta Vitalii-ren bizipena. Bi anaia hauek Ukrainako adindunak dira, eta anai-arrebei janaria eta ura eraman zizkieten. «Janaria txoko guztietan bilatzen genuen», dio Viktorrek. «Askotan, tiroketak entzuten genituen gure inguruan. Behin, anaia batek gordeta zuen janaria dohaintzan eman zuen. Honi esker, denbora batez, berriemaile askok bizirauteko behar zutena jaso zuten. Gauzak kamioian sartzen ari ginela, 20 metrotara bonba bat erori zen, baina zorionez ez zuen eztandarik egin. Egunean zehar, Jehobari etengabe otoitz egiten aritu nintzen, anai-arrebei laguntzen jarraitzeko behar nuen ausardia erregutuz».

13 «Ausardia handia behar izan genuen», dio Vitalii-k. «Joan behar nuen lehen tokira heltzeko 12 ordu behar izan nituen. Bidaia osoan zehar, Jehobari otoitz egiten aritu nintzen». Vitalii ausarta izan zen, baina baita zentzuduna ere. Berak honakoa ere dio: «Jehobari jakinduria eta modestia eskatu nizkion etengabe. Autoritateek baimendutako errepideetatik gidatzen nuen soilik. Anai-arrebek elkarrekin nola lan egiten zuten ikusi nuenean, nire fedea sendotu egin zen. Errepideetan zeuden oztopoak kendu zituzten. Gainera, janaria, arropa eta beste gauza garrantzitsu batzuk ere jaso eta gure kamioian sartu zituzten. Horretaz gain, anai-arrebei esker, Viktor eta biok beti izan genuen nahiko janaria eta bidean deskantsatzeko toki bat».

Egoera arriskutsuetan anai-arrebak laguntzean, izan gaitezen ausartak; baina, aldi berean, zentzudunak (Ikusi 12 eta 13 paragrafoak)


JEHOBARI LEIAL MANTENDUZ

14. Nola sentitzen gara maite dugun norbaitek Jehoba uzten duenean?

14 Senide edo lagun min batek Jehoba uzten duenean, min handia sentitzen dugu. Izan ere, izan dezakegun probarik zailenetako bat da hau (Sal. 78:40; Esa. 24:10). Pertsona horrekin duzun adiskidetasuna zenbat eta estuagoa izan, orduan eta zailagoa egin ahal zaizu egoera hori onartzea. Horrelako egoera mingarri batetik pasa bazara, Tzadoken leialtasun ereduak sendotu ahal zaitu.

15. Zergatik behar izan zuen Tzadokek ausardia Jehobari leial mantentzeko? (1 Erregeak 1:5-8)

15 Tzadok Jehobari leial mantendu zen bere lagun min Abiatarrek desleial izatea aukeratu zuenean. Hau Dabiden erregetzaren amaieran gertatu zen. Dabid hilzorian zegoela, bere seme Adonias tronua usurpatzen saiatu zen. Baina Jehobak hurrengo erregea Salomon izango zela esan zuen (1 Kro. 22:9, 10). Hala ere, Abiatarrek Adoniasen alde jartzea erabaki zuen (Irakurri 1 Erregeak 1:5-8). Hau egitean, Abiatar ez zen Dabidi bakarrik desleiala izan, Jehobari ere bai. Zein triste eta dezepzionatuta sentituko zen Tzadok! 40 urte baino gehiagoz, Abiatarrekin batera aritu zen lanean apaiz bezala (2 Sam. 8:17). Elkarrekin «Jainkoaren kutxa[z]» arduratu ziren (2 Sam. 15:29). Hasiera batean, biak Dabid erregearen alde jarri ziren, eta Jehobaren zerbitzuan beste gauza asko ere egin zituzten (2 Sam. 19:12-15 [19:11-14, NWT]).

16. Zerk lagundu zion ziurrenik Tzadoki leial mantentzen?

16 Tzadok Jehobari leial mantendu zen, Abiatarrek beste erabaki bat hartu arren. Dabidek bazekien Tzadok beti leiala izango zela. Adoniasen azpijokoa agerian geratu zenean, Dabidek Tzadok, Natan eta Benaiasengana jo zuen Salomon errege izendatu zezaten (1 Err. 1:32-34). Natan eta Dabiden alde egon ziren gizon hauek Jehobaren zerbitzari leialak ziren. Beraiekin egoteak, ziurrenik, Tzadok sendotu eta animatuko zuen (1 Err. 1:38, 39). Salomonek, errege izatera iritsi zenean, «Tzadok apaiza ezarri zuen Abiatarren tokian» (1 Err. 2:35).

17. Nola imitatu dezakezu Tzadok maite duzun norbaitek Jehoba uztea erabakitzen badu?

17 Nola imitatu dezakegu Tzadok? Maite duzun norbaitek Jehoba uztea erabakitzen badu, argi utzi nori izango zaren leial (Jos. 24:15). Jehobak behar duzun indarra eta ausardia emango dizkizu. Berari otoitz egin eta anai-arreba leialengandik gertu mantendu. Jehobak zure leialtasuna bihotzez estimatzen du, eta horregatik sarituko zaitu (2 Sam. 22:26).

18. Zer ikasten dugu Marco eta Sidse-ren bizipenetik?

18 Azter dezagun Marco eta bere emazte Sidse-ren bizipena. Beraien bi alabek egia uztea erabaki zuten. Marcok dio: «Gure seme-alabak jaiotzen diren egunetik, gurasook asko maite ditugu. Edozer egiteko prest zaude beraiek babesteko. Beraz, Jehoba uztea erabakitzen dutenean, bihotza hausten zaizu». Honela jarraitzen du: «Baina Jehoba gure alboan egon da beti. Ni ahul sentitzen nintzenean, nire emaztea sendo zegoen, eta bera ahul sentitzen zenean, ni sendo nengoen. Jehobaren laguntzarik gabe, hau lortzea ezinezkoa izango zen». Sidse-k honakoa ere dio: «Jehobak behar genuen indarra eman zigun. Hau gabe ezinezkoa izango zen irautea. Gertatukoa nire kulpa zela pentsatzen nuenez, oso triste sentitzen nintzen. Beraz, Jehobari nire sentimenduak azaldu nizkion. Egun gutxi batzuetara, hainbat urtez ikusi ez nuen arreba bat niregana etorri, bere eskuak nire sorbaldan jarri eta, begietara begiratuz, esan zidan: “Sidse, gogoratu, ez da zure errua!”. Jehobaren laguntzarekin, bere zerbitzuan poztasuna mantentzeko gai izan naiz».

19. Zer egiteko determinazioa duzu?

19 Jehobak bere zerbitzari guztiok Tzadok bezain ausartak izatea nahi du (2 Tim. 1:7, NWT). Hala ere, berak ez du guk konfiantza gure indarretan jartzerik nahi, berarengan baizik. Beraz, ausardia behar duzun egoera baten aurrean zaudenean, jo Jehobarengana. Ziur egon zaitezke Tzadok bezain ausarta izaten lagunduko dizula! (1 Ped. 5:10, NWT).

sn 43. KANTA Erne, sendo eta indartsu

a 1 Kronikak 12:22, 26-28, NWT: «Egunero gizonak etortzen ziren Dabid laguntzera, bere kanpamendua Jainkoaren kanpamendua bezain handia izatera iritsi zen arte. […] Lebitarren artean, 4.600. Joiada Aaronen semeen buruzagia zen, eta berarekin 3.700 zeuden. Tzadok ere zegoen, gazte indartsu eta ausarta, baita bere aitaren etxeko 22 buruzagi ere».