3 | Bibliako bizipenak
BIBLIAN ASKOTAN AGERTZEN DIRA… «Guk bezalako sentimenduak» zituzten gizon-emakume leialak (SANTIAGO 5:17, NWT).
Zer esan nahi du aipu honek?
Biblian mota guztietako sentimenduak izan zituzten gizon-emakumeen benetako bizipen asko aurkitzen ditugu. Euren bizipenak irakurtzen goazen heinean, gure sentimendu berdinak dituen pertsonaiaren bat aurkituko dugu agian.
Nola laguntzen digu?
Besteek nola sentitzen garen ulertzea behar dugu guztiok. Hau hala da bereziki osasun mentalarekin borrokan gabiltzanean. Bibliako pertsonaien bizipenak irakurtzen ditugunean, beraien pentsamendu eta sentimenduekin identifikatuta sentitu gaitezke. Ondorioz, beste batzuek gure antzera sufritu izan dutela konturatzen gara eta antsietateari eta emozio kezkagarriei aurre egitean ez gaudela bakarrik sentitzen dugu.
Bibliak babesgabe eta etsita sentitu zirenen adierazpen asko ditu. Pentsatu al duzu noizbait «ezin dut gehiago»? Moises, Elias eta Dabid hala sentitu ziren (Zenbakiak 11:14; 1 Erregeak 19:4; 55. Salmoa 5 [55:4, NWT]).
Bibliak Ana izeneko emakume bat aipatzen du. Bera «oso nahigabetua zegoen» ezin zuelako haurrik izan eta bere senarraren beste emazteak gogorki iraintzen zuelako (1 Samuel 1:6, 10).
Agian Jobekin identifikatuko zara, Bibliako beste pertsonaia bat. Berak Jehobarengan fede handia zuen arren, estutasun eta atsekabe handia sufritu zuen, eta behin esan zuen: «Nire bizitza gorroto dut, ez dut bizitzen jarraitu nahi» (Job 7:16, NWT).
Hauek guztiek euren pentsaera kaltegarria gainditzea lortu zuten. Guk ere gauza bera egiteko indarra izango dugu beraien eredutik ikasten badugu.