Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Beti al da fidagarria gure bihotza jarraitzea?

Zertan oinarritzen da jendea erabakiak hartzean?

Zertan oinarritzen da jendea erabakiak hartzean?

Ia jende gehiena ados dago gauza batzuk argi eta garbi ondo edo gaizki daudela. Adibidez, norbait hiltzea, bortxatzea eta haurren sexu abusua, orokorrean, gaizki ikusiak daude. Bestalde, justua eta atsegina izatea, eta enpatia erakustea goraipatu egiten da. Baina, zer esan dezakegu bizitzako beste arlo batzuei buruz, esate baterako, sexualitateari, zintzotasunari edo haurren heziketari buruz? Jende askoren ustez ez dago aukera on edo txarrik. Ia aukera guztiak onargarriak direla pentsatzen dute. Jendeak, askotan, bihotzak esaten diona jarraitzen du erabakiak hartzerakoan. Beste batzuetan, besteek pentsatzen dutena jarraitzen dute. Baina, erabakiak hartzeko modu egokiak al dira horiek?

GURE BIHOTZA JARRAITZEA

Normalean, bihotzak gauza bat ondo edo gaizki dagoen esaten digu eta, askotan, horren arabera hartzen ditugu gure erabakiak. Barne zentzu horri kontzientzia deitzen diogu (Erromatarrei 2:14, 15). Txiki-txikitatik, haurrek ere jokabide batzuk ondo edo gaizki daudela sentitu dezakete, baita errudun sentitu ere. Hazten goazen heinean, kultura, erlijioa eta inguruan ditugun pertsonak gure kontzientzia moldatzen joaten dira. Erabaki bat hartzerakoan, gure kontzientziak erabaki hori gure balioekin bat datorren edo ez abisatzen digu.

Ondo eta gaizki dagoenaren zentzuak enpatia, esker ona eta errukia erakustera eta modu justuan jokatzera bultzatu gaitzake. Bestalde, maite ditugunak minduko dituen zerbait egitetik babestu gaitzake, baita lotsatuta edo errudun sentiaraziko digun zerbait egitetik ere.

Gida fidagarria al da beti gure bihotza jarraitzea? Gaztea zenean, Garrick bere arauen arabera bizi zen. Izan ere, honakoa esan zuen: «Nik erabakitzen nuen zer zegoen ondo eta zer gaizki». Hala ere, honakoaz konturatu zen: bere ustez ondo zegoena egitean, ez zuela emaitza onik izaten. Berak esaten duen moduan, «sexu moralgabekeriaz, drogaz, alkoholaz eta biolentziaz» jositako bizimodua izatera iritsi zen.

BESTEEK PENTSATZEN DUTENA JARRAITZEA

Gure bihotzak esaten digunaz gain, besteek pentsatuko dutenak ere eragina du gure erabakietan. Izan ere, beraien esperientzia eta jakinduria lagungarria izan daiteke. Gainera, beraientzat ondo dagoena egiten dugunean, familiaren, lagunen eta ingurukoen errespetua irabazten dugu.

Gida fidagarria al da beti besteek pentsatzen dutena jarraitzea? Gaztea zenean, Priscilak bere lagunek egiten zutena egin zuen, esaterako, ezkondu gabe sexu harremanak izatea. Baina besteentzat ondo zegoena egiteak ez zuela zoriontsu egiten konturatu zen. Berak honakoa esan zuen: «Guztiek egiten zutena egiteak ez ninduen ondo sentiarazi. Horrek erabaki tonto eta arriskutsuak hartzera eraman ninduen».

BA AL DAGO ERABAKIAK HARTZEKO MODU HOBEAGORIK?

Ondo eta gaizki dagoena erabakitzerakoan, gure barrenak esaten diguna eta besteen ikuspuntuak kontuan hartzea lagungarria da. Baina horretan bakarrik oinarritzeak ez du beti emaitza onik ekartzen. Adibidez, geure burua eta besteak kaltetu ditzakegu, batzuetan ez garelako gai gure erabakien ondorioak ikusteko (Esaera Zaharrak 14:12). Horretaz gain, ezin gaitezke ziur egon gure balio moralak edota ingurukoenak guretzat beti onak izango diren. Gainera, ez dakigu denborarekin balio horiek aldatuko diren edo ez. Izan ere, iraganean gaizki ikusten ziren jokabideak, orain, ondo ikusten dira. Eta alderantziz ere gertatzen da; aspaldi ondo ikusten zena, orain, gaizki ikusten da.

Beti al da fidagarria besteak jarraitzea?

Ba al dago gida fidagarriagorik ondo eta gaizki dagoena desberdintzeko? Existitzen al da orain jarraitu dezakegun arau moralik eta urte batzuk barru dezepzionatuko ez gaituenik?

Zorionez, badago munduko edozein pertsonarentzat baliagarria den gida moral egonkor eta fidagarria. Hurrengo artikuluan, ondo eta gaizki dagoena desberdintzeko gidarik fidagarriena non aurkitu dezakegun aztertuko dugu.