Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

25. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobak barkaberak direnak bedeinkatzen ditu

Jehobak barkaberak direnak bedeinkatzen ditu

«Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri» (KOL 3:13).

sjj 130. KANTA Barkatzeko prest egon

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer promesten die Jehobak damutzen diren bekatariei?

 GURE sortzaile, legegile, eta epailea izateaz gain, Jehoba gure Aita maitekorra da (Sal 100:3; Is 33:22-23 [33:22, NWT]). Bekatu egin eta bihotzez damutzen garenean, barkatzeko gaitasuna dauka. Ez hori bakarrik, guri barkatzeko irrikan dago (Sal 86:5). Isaias profetaren bidez, honako promes polita egin zigun: «Zuen bekatuak gorria baino gorriago badira ere, elurra bezain zuri geldituko dira» (Is 1:18).

2. Zer egin behar dugu besteekin ondo eramateko?

2 Inperfektuak garenez, askotan huts egin, eta esaten eta egiten dugunarekin ingurukoak mintzen ditugu (St 3:2). Honek ez du esan nahi ezin garenik beraiekin ondo eraman, baina horretarako barkatzen ikasi behar dugu (Es 17:9; 19:11; Mt 18:21, 22). Larria ez den zerbaitekin mintzen gaituztenean, Jehobak barkatzea nahi du (Kol 3:13). Azken finean, Jehoba gurekin «guztiz barkabera» da (Is 55:7). Beraz, guk ere arrazoi onak ditugu gauza bera egiteko.

3. Zer ikusiko dugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan, Jehobaren barkatzeko modua nola imitatu dezakegun ikasiko dugu. Zein bekatu jakinarazi behar dizkiegu adindunei? Zergatik nahi du Jehobak guk besteei barkatzea? Anai-arreba batzuek izugarri sufritu dute beste norbaiten bekatu baten ondorioz. Zer ikasi dezakegu beraiengandik?

KRISTAU BATEK BEKATU LARRI BAT EGITEN DUENEAN

4. a) Jehobaren zerbitzari batek bekatu larri bat egiten badu, zer egin behar du? b) Zer egin behar dute adindunek bekatariarekin elkartzean?

4 Adindunek bekatu larrien berri jakin behar dute. Bekatu larri bat egitea Jehobaren legeak larriki urratzea da. 1 Korintoarrei 6:9, 10⁠ean horrelako bekatuak aipatzen dira. Bekatariak Jehobarengana otoitzean gerturatu eta adindunengana jo behar du (Sal 32:5; St 5:14). Zer egingo dute adindunek orduan? Jehoba da bekatuak guztiz barkatzeko autoritatea daukan bakarra. Hori Jesusen sakrifizioari esker egin dezake. b Hala ere, adindunen esku utzi du, Bibliaren laguntzaz, pertsona horrek kongregazioan jarraitu dezakeen erabakitzea (1 Ko 5:12). Kasua aztertzean, honakoan pentsatu dezakete: Ba al zuen bekatu egiteko asmorik aldez aurretik? Besteengandik ezkutatzen saiatu al zen? Denbora luzez egiten aritu al da? Eta bereziki, ba al dago benetan damutu dela pentsatzeko frogarik? Argi ikusten al da Jehobak barkatu diola? (Eg 3:19NWT).

5. Zertan laguntzen du adindunen lanak?

5 Adindunak bekatariarekin biltzen direnean, Jehobak jadanik zeruan hartu duen erabakia lurrean ere hartzea dute helburu (Mt 18:18NWT). Zertan laguntzen dio honek kongregazioari? Damutu ez den bekataria kongregazioaren parte izaten ez jarraitzeak ardiak babesten ditu (1 Ko 5:6, 7, 11-13; Tt 3:10, 11). Bestalde, bekatariari bihotzez damutzen eta Jehobaren barkamena lortzen laguntzen dio (Lk 5:32). Adindunek damuturik dagoen bekatariaren alde otoitz egingo dute, Jehobak espiritualki osatzen lagundu dezan (St 5:15).

6. Posible al da Jehobak kanporatua izan den norbaiti barkatzea? Azaldu.

6 Adindunek bekatariarekin elkartzean damutu ez dela ikusten badute, kongregaziotik kanporatua izango da. Bizi den herrialdeko legea hautsi badu, adindunek ez dute hori egitearen ondorioetatik babestuko. Jehobak agintariei edonor epaitu eta zigortzeko autoritatea eman die. Berdin du damututa egon ala ez (Erm 13:4). Hala ere, denborarekin norbait egindakoaz konturatu, damutu eta jokabidea guztiz aldatu dezake. Horrelakoetan, Jehoba barkatzeko irrikitan dago bekatua oso larria izan bada ere (2 Kro 33:9, 12, 13; Lk 15:17-24; 1 Tm 1:15).

7. Zer zentzutan barkatu diezaiokegu gure aurka bekatu egin duen norbaiti?

7 Eskerrak ez dugula guk erabaki behar Jehobak bekatari bati barkatuko dion ala ez! Baina, bada guk erabaki behar dugun zerbait. Batzuetan, norbaitek gure aurka bekatu egitean, barkamena eskatzen digu. Beste batzuetan agian ez. Hala ere, barkatzea aukeratu dezakegu. Zer zentzutan? Erresuminik edo haserrerik ez sentitzea erabakiz. Egia esan, honetarako denbora eta ahalegina behar da, bereziki eragindako mina sakona izan bada. Aldizkari honen 1994⁠ko irailaren 15⁠eko aleak honakoa dio: «Bekatari bati barkatzeak ez du esan nahi bekatua onartu edo garrantzia kentzen ari garenik. Kristau batentzat, barkatzea gertatutakoa Jehobaren eskuetan uztea da. Bera da unibertso osoko epailea, eta gauzak justiziaz eta momentu egokian konponduko ditu». Orduan, zergatik animatzen gaitu Jehobak barkatu eta justizia bere eskuetan uztera?

ZERGATIK ANIMATZEN GAITU JEHOBAK BARKATZERA?

8. Besteei barkatzen diegunean, zer erakusten dugu?

8 Barkaberak izatean esker ona erakusten dugu. Jesusek kontatutako parabola batean, nagusi batek ordaindu ezingo zuen sekulako zorra barkatu zion bere esklabo bati. Baina esklabo honek ez zion zorra barkatu askoz diru kopuru txikiagoa zor zion beste bati (Mt 18:23-35). Zer irakatsi nahi izan zuen Jesusek parabola honekin? Jehobaren errukia estimatzeak besteekin barkaberak izatera bultzatuko gaituela (Sal 103:9). Duela urte batzuk aldizkari honek esan zuen: «Berdin du zenbat aldiz barkatu behar diegun besteei. Jehobak, Jesu Kristoren bidez, askoz ere gehiagotan barkatu digu. Bere errukiak ez du parekorik».

9. Norekin da errukitsua Jehoba? (Mateo 6:14, 15)

9 Guk barkatzen badugu, Jehobak ere barkatuko digu. Errukitsuak direnei Jehobak errukia erakusten die (Mt 5:7; St 2:13). Jesusek bere ikasleei otoitz egiten irakatsi zienean, argi eta garbi azaldu zien hau (Irakurri Mateo 6:14, 15). Mende batzuk lehenago, Jehobak Job leialari errukitsu izatearen garrantzia azpimarratu zion. Elifaz, Bildad eta Tzofarrek hitz mingarriak esan zizkioten arren, beraien alde erregu egiteko esan zion. Eskatutakoa egiteagatik Jehobak izugarri bedeinkatu zuen (Jb 42:8-10).

10. Zergatik egiten diogu geure buruari kalte haserre jarraitzen badugu? (Efesoarrei 4:31, 32)

10 Erresumina sentitzea gure kalterako da. Mindu gaituztenean haserre jarraitzea pisu astuna da eta Jehobak zama hori kendu nahi digu (Irakurri Efesoarrei 4:31, 32). Berak esaten digu: «Utzi haserrea, baztertu sumina» (Sal 37:8). Aholku hau ezinhobea da, erresumina mentalki eta fisikoki kaltegarria delako (Es 14:30). Mindu gaituenarekin haserre jarraitzea pozoia edatea bezalakoa da; geure kalterako izango da. Barkatzen diogunean aldiz, geure buruari egiten diogu fabore (Es 11:17). Barneko bakea sentitzen dugu eta honek Jehobaren zerbitzuan aurrera egiten laguntzen digu.

11. Zer dio Bibliak mendeku hartzeari buruz? (Erromatarrei 12:19-21)

11 Mendekua Jehobari dagokio. Norbaitek gure aurka bekatu egiten badu, Jehobak ez du gure esku utzi mendekua (Irakurri Erromatarrei 12:19-21). Gure ikuspuntua mugatua denez, ezin dugu zuzen epaitu. Jehobak berriz, bai (Heb 4:13). Batzuetan, emozioek itsutu egiten gaituzte eta ezin dugu egoera osoa argi ikusi. Jehobak honakoa esaten digu Santiagoren bidez: «Haserreturik dagoen gizakiak ezin du Jainkoarentzat zuzen dena egin» (St 1:19-20, [1:20, NWT]). Ziur gaude Jehobak gauzak bere tokian jarriko dituela eta justizia perfektua egingo duela.

Amorrua eta erresumina alde batera utzi. Gauzak Jainkoaren eskuetan utzi. Berak konponduko du bekatuak sortutako min guztia (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Nola erakutsi dezakegu Jehobaren justizian konfiantza dugula?

12 Barkatzean Jehobaren justizian konfiantza dugula erakusten dugu. Gauzak Jehobaren eskuetan uzten ditugunean, berarengan konfiantza osoa dugula erakusten dugu. Ziur gaude bekatuak ekarritako kalte guztia ezabatuko duela. Mundu berrian, oroitzapen mingarriez «ez da inor oroituko». Gertatutakoa inoiz «ez du inork gogora ekarriko» (Is 65:17). Baina, ikaragarrizko zauri emozionalak baditugu, posible al da erresumina eta amorrua benetan desagertzea? Batzuek lortu dute. Ikus dezagun nola.

BARKATZEA OSO MESEDEGARRIA DA

13, 14. Zer ikasi duzu barkamenari buruz Tony eta Josek bizitakotik?

13 Gure anai-arreba askok norbaitek egindako zerbaitengatik izugarri sufritu dute. Baina, hala ere barkatzea erabaki dute. Zertan egin die honek mesede?

14 Egia ezagutu baino askoz lehenago, Filipinetan bizi den Tonyk c Jose izeneko gizon batek bere anaia zaharrena hil zuela jakin zuen. Garai hartan Tony oso gizon biolentoa zen, odol berokoa, eta horregatik mendeku hartu nahi zuen. Jose delitu horrengatik atxilotuta eta kartzelaratua izan zen. Handik askatu zutenean, Tonyk Jose harrapatu eta akatuko zuela zin egin zuen, eta horretarako pistola bat erosi zuen. Garai hartan, Jehobaren lekukoekin Biblia ikasten hasi zen. «Biblia ikasten ari nintzela, guztiz aldatu eta haserre-sumina atzean utzi behar nuela ulertu nuen», dio Tonyk. Denborarekin, bataiatu eta adindun izatera iritsi zen. Pentsa zer-nolako sorpresa hartu zuen Tonyk Jose ere Jehobaren lekuko bihurtu zela jakin zuenean! Batak bestea ezagutu zutenean besarkada handi bat eman zioten elkarri. Tonyk Joseri barkatu egin ziola esan zion. Tonyk ezin du hitzez azaldu hau egiteak sortu zion sentimendu zoragarria. Argi dago Jehobak Tonyren jarrera bedeinkatu zuela.

Peter eta Sueren ereduak amorrua eta erresumina atzean utzi ditzakegula erakusten du (Ikusi 15 eta 16 paragrafoak)

15, 16. Zer ikasi duzu barkamenari buruz Peter eta Suek bizitakotik?

15 1985⁠ean Peter eta Sue bileran zeudela, sekulako eztanda jasan zuten bat-batean. Gizon batek bilera aretoan bonba bat jarri zuen! Eztandak Sueren entzumena eta ikusmena kaltetu zituen. Gainera, dastamena guztiz galdu zuen. d Bikoteak askotan pentsatu zuen: «Zer gizasemek egin dezake halako basakeria?». Urte askoren buruan, Jehobaren lekukoa ez zen gaizkile hura atxilotua izan zen eta bizi osorako kartzela zigorra jaso zuen. Gizon hari barkatu zioten galdetuta, honakoa diote Peter eta Suek: «Jehobak argi esaten digu erresuminak mentalki, emozionalki eta fisikoki kalte egiten digula. Beraz, hasiera-hasieratik Jehobari amorrua eta haserrea alde batera uzteko laguntza eskatu genion, horrela gure bizitzarekin aurrera jarraitu ahal izateko».

16 Erraza egin al zaie barkatu eta aurrera jarraitzea? Ez beti. Honakoa diote: «Jasandako zauriengatik Sueri sufritzea tokatzen zaionean, amorrua pizten zaigu berriro. Baina bueltak ez ematen saiatzen gara eta sentimendu txarrak berehala joaten dira. Bihotzez esan dezakegu, egunen batean gizon hau Jehobaren lekuko bihurtzen bada, ongietorria emango diogula. Bizipen honek zera irakatsi digu: biblia-printzipioek aske egiten gaituzte, guk uste baino askoz modu gehiagotan! Jehobak laster zauri mota guztiak sendatuko dituela jakitea ere oso kontsolagarria da».

17. Zer ikasi duzu barkamenari buruz Myrak bizitakotik?

17 Myra ezkonduta zegoen eta bi seme zituen egia ezagutu zuenean. Bere senarrak ez zuen egia onartu eta, denborarekin, adulterio egin eta familia abandonatu zuen. «Horrelako traizio batek dakartzan emozio guztiak sentitu nituen. Hasieran ezin nuen sinetsi. Gero, pena handia sentitu nuen, baita damua ere. Neure buruari errua bota nion eta, azkenik, amorrua geratu zitzaidan barruan». Ezkonduta egoteari utzi arren, traizioaren ziztadak hor jarraitzen zuen. «Hilabetetan nahastuta ibili nintzen, eta hori Jehoba eta besteekin nuen harremana kaltetzen ari zen». Orain, erresumina alde batera utzi du eta ez du bere senar ohiari ezer txarrik gertatzerik nahi. Egunen batean Jehobarengana hurbiltzea espero du. Myrak etorkizunera begiratzen du. Berak bakarrik hezi zituen bi semeak egian eta, orain, euren familiekin batera Jehoba zerbitzatzen du poz-pozik.

JEHOBAREN JUSTIZIA PERFEKTUA

18. Jehoba Epaile gorena denez, zertaz egon gaitezke ziur?

18 Jehobak ez du gugan jarri besteak epaitzeko zama, eta honek oso ongi sentiarazten gaitu! Epaile gorena denez, berea da lan hau (Erm 14:10-12). Berak ezarri du zer dagoen zuzen eta zer oker, eta ziur egon gaitezke horren arabera epaitzen duela beti (Has 18:25; 1 Erg 8:32). Sekula ez du bidegabea den ezer egingo!

19. Zer lortuko du Jehobaren justizia perfektuak?

19 Jehobak bekatu eta inperfekzioa eta honek ekarritako arazo guztiak kenduko ditu laster. Irrikitan gaude garai hori iristeko! Orduan, zauri emozional eta fisiko guztiak erabat sendatuko ditu (Sal 72:12-14; Ap 21:3, 4). Zauri horiek ez dira inoiz gogora etorriko. Eskerrak Jehobak barkatzeko gaitasuna eman digun! Garai zoragarri hori iritsi bitartean, jarrai dezagun Bera imitatzen besteei barkatuz.

sjj 18. KANTA Eskaintzarengatik esker ona

a Jehoba damutu diren bekatariei barkatzeko desiratzen dago. Guk ere Jehoba imitatu nahi dugu besteek gure aurka egindako bekatuak barkatuz. Artikulu honetan, bi bekatu mota aipatuko ditugu. Batzuk guk geuk barkatu ditzakegu. Beste batzuk aldiz, adindunei jakinarazi behar dizkiegu. Zergatik nahi du Jehobak besteei barkatzea? Zer bedeinkapen izango ditugu hala egiten badugu? Ikus dezagun.

b Ikusi aldizkari honen 1996⁠ko apirilaren 15⁠eko, «Preguntas de los lectores» («Questions des lecteurs») artikulua.

c Izen batzuk aldatuak izan dira.