46. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 49. KANTA Poztu Jehobaren bihotza
Anaiok, kongregazioko laguntzaileak izateko helburua al duzue?
«Zoriontsuago izango zara ematean, jasotzean baino» (EG. 20:35).
IDEIA NAGUSIA
Artikulu honek bataiatutako anaiei kongregazioko laguntzaileak izateko helburua lortzen lagunduko die.
1. Nola ikusten zituen Paulo apostoluak laguntzaileak?
LAGUNTZAILEEK ezinbesteko lana egiten dute kongregazioetan. Paulok asko estimatzen zituen gizon leial hauek. Izan ere, Filipoko anai-arrebei idaztean, laguntzaileak agurtu zituen adindunekin batera (Flp. 1:1).
2. Zer sentitzen du Luis izeneko laguntzaileak bere eginkizunari buruz?
2 Adina inporta gabe, anaiei poz handia ematen die laguntzaile moduan zerbitzatzeak. Adibidez, Devan-ek 18 urte zituen izendatua izan zenean. Bestalde, Luis izeneko anaiak 50 urte inguru zituela jaso zuen izendapena. Laguntzaile askoren sentimenduak honela laburbildu zituen: «Pribilegio handia da kongregazioko anai-arrebak zerbitzatzea. Maitasun handia erakutsi didate eta orain nik maitasun bera itzuli ahal diet».
3. Zer galdera aztertuko ditugu?
3 Bataiatutako anaia bazara, jarri al dezakezu laguntzaile izateko helburua? Zerk motibatu behar zaitu? Eta, Bibliaren arabera, zeintzuk dira bete beharreko baldintzak? Artikulu honetan galdera hauen erantzunak aztertuko ditugu. Aztertu dezagun lehenik laguntzaileen eginkizuna.
ZEIN DA LAGUNTZAILEEN EGINKIZUNA?
4. Zein da laguntzaileen eginkizuna? (Ikusi irudia ere)
4 Laguntzaileak espiritu santuz izendatuak izan diren bataiatutako anaiak dira. Beraien eginkizuna kongregazioan adindunei modu praktikoan laguntzea da. Laguntzaile batzuk berriemaileek predikatzeko nahiko eremu eta argitalpenak izateaz arduratzen dira. Beste batzuek bilera aretoen garbiketa eta mantenimenduan laguntzen dute. Honetaz gain, bileretan aretozainak dira eta audio-bideoan laguntzen dute. Egiten duten lan guzti hau oso praktikoa da. Baina bereziki gizon espiritualak dira, Jehoba maite dute eta bere arauen arabera bizi dira. Gainera, anai-arrebak bihotzez maite dituzte (Mat. 22:37-39). Nola lortu dezake anaia batek laguntzaile izateko helburua?
5. Nola lortu dezakezu laguntzaile izateko helburua?
5 Bibliak laguntzaileak izateko baldintzak adierazten ditu (1 Tim. 3:8-10, 12, 13). Helburu hau Bibliako baldintzak aztertuz eta hauek betetzeko gogor saiatuz lortu dezakezu. Baina, hau egin aurretik, pentsatu zein den laguntzaile izateko duzun motibazioa.
ZEIN DA ZURE MOTIBAZIOA LAGUNTZAILE IZATEKO?
6. Zein da anai-arrebak zerbitzatzeko motibaziorik egokiena? (Mateo 20:28; ikusi irudia ere)
6 Aztertu dezagun Jesusen eredu bikaina. Bere motibazioa maitasuna zen, bere Aitari eta jendeari zien maitasuna. Maitasun honek besteen alde gogor lan egitera eta lan xumeak egitera bultzatu zuen (Irakurri Mateo 20:28; Joan 13:5, 14, 15). Zure motibazioa ere maitasuna bada, Jehobak bedeinkatuko zaitu eta laguntzaile izateko baldintzak betetzen lagunduko dizu (1 Ko. 16:14; 1 Ped. 5:5).
7. Zergatik ez luke anaia batek handizalea izan behar?
7 Mundu honetako pertsonek handizaleak miresten dituzte, baina hau ez da Jehobaren erakundean gertatzen. Jesusen antzera, anaia baten motibazioa maitasuna bada, ez du irrikaz botererik, autoritaterik edo estatusik bilatuko. Horrelako handinahia duen anaia batek kongregazioan izendapena jasoko balu, Jehobaren ardi baliotsuak zaintzeko beharrezkoak diren lan xumeak baztertuko lituzke (Joan 10:12). Lan horiek egiteko inportanteegia dela pentsatuko luke. Noski, Jehobak ez ditu bedeinkatuko pertsona harro edo handizaleen ahaleginak (1 Ko. 10:24, 33; 13:4, 5).
8. Zer aholku eman zien Jesusek apostoluei?
8 Batzuetan, Jesusen lagun minek ere motibazio desegokiarekin pribilegioak lortu nahi izan zituzten. Aztertu dezagun Santiagok eta Joanek egin zutena. Jesusi Erreinuan postu garrantzitsu bat emateko eskatu ziotenean, ez zituen handizale izateagatik zoriondu. Horren ordez, ondorengoa azaldu zien hamabi apostoluei: «Zuen artean handiena izan nahi duenak besteen zerbitzari izan behar du. Eta zuen artean lehena izan nahi duenak, guztien morroi» (Mar. 10:35-37, 43, 44). Motibazio egokia erakusten duten anaiak, hau da, besteak zerbitzatu nahi dituztenak, bedeinkapen bat izango dira kongregazioarentzat (1 Tes. 2:8).
NOLA SENDOTU DEZAKEZU BESTEAK ZERBITZATZEKO DESIOA?
9. Nola sendotu dezakezu gehiago zerbitzatzeko desioa?
9 Ziur Jehoba maitatzen duzula eta besteak zerbitzatzeko irrikaz zaudela. Baina, agian ez duzu laguntzaile izateko lan estra egiteko desiorik. Orduan, nola sendotu dezakezu gehiago zerbitzatzeko desioa? Zergatik ez duzu pentsatzen anai-arrebak zerbitzatzeak ekartzen duen poztasunean? Jesusek esan zuen: «Zoriontsuago izango zara ematean, jasotzean baino» (Eg. 20:35). Jesus printzipio honen arabera bizi izan zen eta oso pozik sentitu zen besteak zerbitzatzean. Zuk ere gauza bera lortu dezakezu!
10. Nola erakutsi zuen Jesusek poztasun handia sentitzen zuela besteak zerbitzatzean? (Markos 6:31-34)
10 Jesusek poztasun handia sentitzen zuen besteak zerbitzatzean. Ikusi dezagun adibide bat (Irakurri Markos 6:31-34). Jesus eta bere apostoluak nekatuta zeuden, beraz leku bakarti batera joan ziren atseden hartzera. Baina, Jesusen irakaspenak jasotzeko esperantzarekin, jendetza lehenago iritsi zen. Jesusek eta bere dizipuluek «jateko astirik» ere ez zutenez, ezer ez irakastea erabaki zezakeen. Edota pare bat ideia irakatsi ondoren, jendetzari joateko eskatu ahal zion. Baina bere motibazioa maitasuna zenez, «gauza asko irakasten hasi zitzaien», eta «berandu» arte egin zuen hori! (Mar. 6:35). Behartuta sentitu zelako irakatsi al zien? Ez horixe! Jendetza ikustean «zeharo hunkitu» zelako egin zuen; maitatzen zituelako nahi zien irakatsi. Beraz, besteak zerbitzatzeak, poztasuna ematen zion Jesusi.
11. Nola zerbitzatu zituen Jesusek besteak modu praktikoan? (Ikusi irudia ere)
11 Jesusek, jendetza zerbitzatzean, irakatsi baino gehiago egin zuen: beraien behar fisikoez ere arduratu zen. Mirari baten bidez, janaria lortu zuen eta dizipuluei eman zien jendeari banatzeko (Mar. 6:41). Hori egitean, besteak zerbitzatzen irakatsi zien dizipuluei. Lan praktikoak, kongregazioko laguntzaileak egiten dituzten bezalakoak, inportanteak direla ere irakatsi zien. Imajinatu zer-nolako poztasuna sentituko zuten apostoluek, Jesusen mirari horretan parte hartzeko aukera izatean eta «denek jan zutela eta bapo eginda» geratu zirela ikustean! (Mar. 6:42). Jesusek, behin baino gehiagotan, besteen beharrak bere beharren gainetik jartzen zituela erakutsi zuen. Izan ere, bere bizitza osoa erabili zuen besteak zerbitzatzeko (Mat. 4:23; 8:16). Jesus oso pozik sentitu zen besteei irakastean eta, apaltasunez, beraien beharrez arduratzean. Zuk ere poztasun handia sentituko duzu, eskuzabaltasunez, besteak zerbitzatzeko eta laguntzaile izateko ahaleginak egitean!
12. Zergatik ez genuke pentsatu beharko kongregazioari laguntzeko gaitasunik ez dugula?
12 Gaitasun nabarmenik ez duzula sentitzen al duzu? Hala bada, ez desanimatu! Zalantzarik gabe, kongregazioarentzat lagungarriak izan daitezkeen ezaugarriak dituzu. Pentsatu Paulok 1 Korintoarrei 12:12-30 aipuan adierazitakoan eta, ondoren, eskatu Jehobari aplikatzen laguntzeko. Hitz hauek argi adierazten dute, Jehobaren zerbitzari guztiok, ezinbesteko eginkizun baliotsua betetzen dugula kongregazioan. Oraindik laguntzailea izateko baldintzak betetzen ez badituzu, ez etsi! Bitartean, zergatik ez duzu ahal duzun guztia egiten, Jehobarentzat eta anai-arrebentzat erabilgarria izateko? Ziur egon, adindunek, zure gaitasunak kontuan hartuko dituztela, eta burutu dezakezun eginkizun bat emango dizutela (Erm. 12:4-8).
13. Zer beste arrazoi dago laguntzaile izateko baldintzak betetzeko?
13 Pentsatu ondorengo ideian: Laguntzaile izateko Biblian azaltzen diren ezaugarri gehienak, kristau guztiok bete beharreko ezaugarriak dira. Anai-arreba guztiok Jehobarengana hurbildu behar gara, ematearen poztasuna sentitu behar dugu, eta gure bizimoduarekin eredugarriak izan behar dugu. Beraz, ziurrenik, laguntzaile izateko ezaugarri asko landu dituzu dagoeneko. Baina, zer baldintza zehatzak bete behar ditu anaia batek laguntzaile izateko?
ZEINTZUK DIRA LAGUNTZAILE IZATEKO BALDINTZAK?
14. Zer esan nahi du «serioa» izateak? (1 Timoteori 3:8-10, 12, NWT)
14 Aztertu ditzagun 1 Timoteori 3:8-10, 12 (NWT a) pasartean adierazten diren baldintza batzuk (Irakurri). Laguntzaileak «serioa» izan behar du. Espresio hau, «agurgarria», «ohoragarria» edo «errespetua merezi duena» moduetan ere itzuli daiteke. Honek ez du esan nahi umorerik izan edo ondo pasa ezin duenik (Ekl. [Koh.] 3:1, 4). Hala ere, bere ardurak seriotasunez hartu beharko lituzke. Anaia fidagarria bada, kongregazioaren errespetua irabaziko du.
15. Zer esan nahi dute «mingain bikoitzekoa» ez izatearen eta «kodiziaz dirua eta ondasunak» ez bilatzearen espresioek?
15 «Ez mingain bikoitzekoa». Horrek zintzoa eta egiazalea izatea esan nahi du. Bere hitza betetzen duenak, ez ditu besteak engainatzen (Esa. 3:32). «Ez ditu kodiziaz dirua eta ondasunak bilatu behar». Hau da, negozioetan eta diru kontuetan zuzentasunez jokatzen du. Ondorioz, ez da anai-arrebez aprobetxatuko dirua irabazteko.
16. a) Zer esan nahi du «ez dute ardo asko edan behar» espresioak? b) Zer esan nahi du «kontzientzia garbi» bat izateak?
16 Laguntzaile izateko, «ez dute ardo asko edan behar». Espresio honen esanahia ondorengoa da: alkohola gehiegikeriaz edaten ez duena, eta gehiegi edateagatik ezaguna ez dena. «Kontzientzia garbi» bat izateak, Jehobaren arauen arabera bizitzea esan nahi du. Hau egiten duen anaiak, nahiz eta perfektua ez izan, Jainkoarekin harreman ona izatearen bakeaz gozatzen du.
17. Zer esan nahi du «beraien gaitasuna proban» jartzeak? (1 Timoteori 3:10, NWT; ikusi irudia ere)
17 «Beraien gaitasuna proban» jartzeak, anaiari ardurak eman ahal zaizkiola esan nahi du. Beraz, adindunek eginkizun bat ematen diotenean, beraien jarraibideak eta erakundeak emandako argibideak zehatz-mehatz jarraitzen ditu. Eginkizun bat jasotzean, zer egin behar duen eta noizko egin behar den ulertzen du. Eginkizun bakoitza modu arduratsuan burutzen duen heinean, kongregazioko anai-arrebek bere aurrerapena argi ikusiko dute. Adindunak: trebatu itzazue bataiatutako anaiak! (Irakurri 1 Timoteori 3:10, NWT b). Bataiatutako gaztetxoak al daude zure kongregazioan? Eredugarriak al dira euren ikasketa pertsonalean eta bileretarako prestaketan? Maiz komentatzen al dute bileretan eta erregularki predikatzen al dute? Hala bada, eman bere adina eta egoerarako egokiak diren eginkizunak. Modu horretan, gaztetxo hauen «gaitasuna proban» jarri daiteke eta, nerabezaroaren amaiera aldera, kongregazioko laguntzaile izendatuak izan daitezke.
18. Zein da «akusaziorik gabe» hitzen esanahia?
18 «Akusaziorik gabe» dagoen anaiari, ezin zaio jokabide larririk leporatu. Noski, kristauek salaketa faltsuak jaso ditzakete. Izan ere, Jesusek jaso zituen, eta bere jarraitzaileei gauza bera gertatuko zitzaiela aurresan zuen (Joan 15:20). Hala ere, Jesusen antzera, anaiak jokabide zuzena mantentzen badu, kongregazioan izen ona irabaziko du (Mat. 11:19).
19. Zer esan nahi du «emazte bakarreko senarra» izateak?
19 «Emazte bakarreko senarra». Anaia ezkonduta badago, Jehobak ezkondutakoei hasieran jarritako araua errespetatu behar du: gizon bat eta emakume bat (Mat. 19:3-9). Hortaz, ez du inoiz sexu moralgabekeriarik egin behar (Heb. 13:4). Are gehiago, bere emaztearekin leialtasunez jokatu behar du, beste emakumeei arreta desegokia inoiz ez erakutsiz (Job 31:1).
20. Zein da «seme-alabak eta familiak ondo zuzenduz» espresioaren esanahia?
20 «Beraien seme-alabak eta familiak ondo zuzenduz». Anaia familiaburua bada, bere ardurak serioski hartu behar ditu. Adibidez, familia adorazioa erregularki zuzendu behar du, baita familiakide bakoitzarekin ahal duen guztietan predikatu ere. Honetaz gain, seme-alabei Jehobarekin harreman pertsonala lantzen lagundu behar die (Efe. 6:4). Bere familia zaintzen duen gizonak, kongregazioa zaindu dezakeela erakusten du (Konparatu 1 Tim. 3:5).
21. Zer egin dezakezu oraindik kongregazioko laguntzailea ez bazara?
21 Anaiok: oraindik laguntzaileak ez bazarete, hausnartu otoizpean eta arreta handiz artikulu honetan. Aztertu laguntzaile izateko baldintzak, eta gogor saiatu hauek betetzen. Pentsatu Jehobarengan eta anai-arrebengan sentitzen duzuen maitasunean, eta sendotu anai-arrebak zerbitzatzeko duzuen desioa (1 Ped. 4:8, 10). Probatu ezazue anai-arrebak zerbitzatzeak dakarren poztasuna. Jehobak eskuzabaltasunez bedeinka ditzala kongregazioko laguntzaile izateko egiten dituzuen ahaleginak! (Flp. 2:13).
sjj 17. KANTA «Nahi dut»
a 1 Timoteori 3:8-10, 12, NWT: «Kongregazioko laguntzaileek ere serioak izan behar dute, ez mingain bikoitzekoak, ez dute ardo asko edan behar, ez dituzte kodiziaz dirua eta ondasunak bilatu behar, baizik eta fedearen sekretu sakratuari kontzientzia garbiz eutsi behar diote. Gainera, jarri dadila beraien gaitasuna proban; orduan, akusaziorik gabe badaude, laguntzaile bezala zerbitzatu dezatela. Izan daitezela kongregazioko laguntzaileak emazte bakarreko senarrak, beraien seme-alabak eta familiak ondo zuzenduz».
b 1 Timoteori 3:10, NWT: «Gainera, jarri dadila beraien gaitasuna proban; orduan, akusaziorik gabe badaude, laguntzaile bezala zerbitzatu dezatela».
c IRUDIAREN AZALPENA: Ezkerrean, Jesusek apaltasunez zerbitzatzen ditu bere dizipuluak; eskuinean, kongregazioko laguntzaile batek adineko anaia bati laguntzen dio.