Korintoarrei lehena 10:1-33

  • Israelen historiako eredu txarrak gure ikasbiderako (1-13)

  • Idolatriaren aurkako abisua (14-22)

    • Jehobaren mahaia, deabruen mahaia (21)

  • Aukeratzeko askatasuna eta besteak kontuan hartzea (23-33)

    • «Egin gauza guztiak Jainkoaren aintzarako» (31)

10  Anai-arrebok, zuek hau jakitea nahi dut: gure arbaso guztiak hodeiaren azpian egon zirela eta denek itsasoa zeharkatu zutela, 2  guztiak Moisesengan bataiatuak izan zirela hodeiaren eta itsasoaren bidez, 3  denek janari espiritual bera jan zutela 4  eta denek edari espiritual bera edan zutela. Zeren jarraitzen zien harkaitz espiritualetik edaten zuten, eta harkaitz horrek Kristo irudikatzen zuen*. 5  Baina Jainkoa gehienekin ez zegoen pozik eta, ondorioz, basamortuan hil ziren. 6  Gertatu ziren gauza horiek gure ikasbiderako dira, gauza kaltegarririk desio ez dezagun, beraiek egin zuten bezala. 7  Ez gaitezen idolatra bihurtu haietako batzuk bihurtu ziren bezala; idatzita dagoen bezalaxe: «Herria jateko eta edateko eseri zen, eta gero ondo pasatzeko altxatu ziren». 8  Ez dezagun sexu moralgabekeriarik* praktikatu haietako batzuek sexu harreman moralgabeak* izan zituzten bezala, eta ondorioz, egun bakar batean haietako 23.000 hil ziren. 9  Ez dezagun Jehoba proban jarri haietako batzuek proban jarri zuten bezala, eta gero sugeek koska eginda hil ziren. 10  Ez gaitezen marmarrean ibili haietako batzuk marmarrean ibili ziren bezala, eta gero suntsitzaileak hil zituen. 11  Gertatu zitzaizkien gauza horiek ikasbiderako dira, eta guretzat abisu bezala idatzi ziren, sistemen* amaiera* iritsi zaigunontzat. 12  Beraz, zutik dagoela uste duena kontuz ibili dadila ez erortzeko. 13  Zuek ez duzue tentaldirik izan, gizakientzat ohikoak direnak izan ezik. Baina Jainkoa leiala da, eta ez du utziko jasan dezakezuena baino harago doan tentaldirik izan dezazuen, baizik eta tentaldia etortzean, irtenbidea ere emango dizue tentaldia jasan ahal izateko. 14  Horregatik, ene maiteok, ihes egin idolatriatik. 15  Pertsona zentzudunei bezala hitz egiten dizuet. Zuek epaitu esaten dudana. 16  Ez al dugu Kristoren odoletik parte hartzen bedeinkatzen dugun esker oneko koparekin? Ez al dugu Kristoren gorputzetik parte hartzen zatitzen dugun ogiarekin? 17  Ogi bakar bat dagoenez, gu, nahiz eta asko izan, gorputz bakar bat gara, denok parte hartzen baitugu ogi horretatik. 18  Begira Israelgo herriak egiten duena: sakrifizioetatik jaten dutenek, ez al dute aldarearekin parte hartzen? 19  Zer da, orduan, esaten ari naizena? Idolo bati sakrifikatzen zaiona zerbait dela? Edo idolo bat zerbait dela? 20  Ez. Esan nahi dudana da nazioek sakrifikatzen dituzten gauzak deabruei sakrifikatzen dizkietela, eta ez Jainkoari; eta ez dut nahi zuek deabruekin ezertan parte hartzerik. 21  Ezin duzue Jehobaren* kopatik eta deabruen kopatik edan; ezin duzue «Jehobaren mahaitik» eta deabruen mahaitik parte hartu. 22  Edo «Jehoba jeloskor jartzen saiatzen ari al gara»? Gu ez gara bera baino indartsuagoak, ezta? 23  Dena dago baimenduta*, baina dena ez da mesedegarria*. Dena dago baimenduta, baina dena ez da animagarria. 24  Ez dezala inork norberaren abantaila bilatu, besteena baizik. 25  Jan haragi merkatuan saltzen den haragi guztitik zeuen kontzientziarengatik galderarik egin gabe, 26  zeren «Jehobarena da lurra eta bertan dagoen guztia». 27  Sinesgabe batek gonbidatzen bazaituzte eta joan nahi baduzue, jan eskaintzen zaizuen edozer zeuen kontzientziarengatik galderarik egin gabe. 28  Baina norbaitek esaten badizue: «Hau sakrifizio bezala eskainia izan da», ez jan hori esan dizuen pertsonarengatik eta kontzientziarengatik. 29  Ez naiz zeure kontzientziari buruz ari, beste pertsonaren kontzientziari buruz baizik. Zeren zergatik izan beharko litzateke epaitua nire askatasuna beste pertsona baten kontzientziarengatik? 30  Jaten dudanarengatik Jainkoari eskerrak ematen badizkiot, zergatik kritikatu behar naute eskertzen dudan janariarengatik? 31  Beraz, jan, edan edo beste edozer gauza egiten ari zaretela, egin gauza guztiak Jainkoaren aintzarako. 32  Ez izan oztopo*, ez juduentzat, ez greziarrentzat, ezta Jainkoaren kongregazioarentzat ere, 33  ni gauza guztietan jende guztiaren gustuko izaten saiatzen naizen bezala, eta ez dut nire abantaila bilatzen, askorena baizik, salbatuak izan daitezen.

Oharra

Edo «harkaitz hori Kristo zen».
Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
Edo «garaien; aroen». Ikusi Glosarioa, sistema.
Edo «azken zatia».
Edo «da zilegi».
Edo «denak ez du edifikatzen; eraikitzen».
Edo «estropezu egiteko arrazoia».