Erromatarrei 14:1-23
14 Ongi hartu bere fedean ahuleziak dituena, eta ez epaitu iritzi desberdinei buruzko kontuak*.
2 Baliteke fedea duen pertsona batek denetatik jatea, baina ahula den pertsona batek barazkiak bakarrik jatea.
3 Jaten duenak ez dezala jaten ez duena mespretxatu, eta jaten ez duenak ez dezala jaten duena epaitu, Jainkoak ongi hartu baitu.
4 Nor zara zu beste baten zerbitzaria epaitzeko? Nagusiaren kontua da zerbitzaria zutik mantentzea edo erortzea. Izan ere, zutik mantenduko da Jehobak zutik mantendu ahal duelako.
5 Batzuek egun bat bestea baino inportanteagoa dela uste dute; beste batzuek, aldiz, egun guztiak berdinak direla. Pertsona bakoitzak pentsatzen duenaz guztiz konbentzituta egon behar du.
6 Eguna ospatzen duenak Jehobarengatik ospatzen du. Modu berean, jaten duenak Jehobarengatik jaten du, izan ere, Jainkoari eskerrak ematen dizkio. Eta jaten ez duenak ere Jehobarengatik egiten du eta, hala ere, Jainkoari eskerrak ematen dizkio.
7 Izan ere, gutako inor ez da bere buruarentzat bakarrik bizi, ezta bere buruarentzat bakarrik hiltzen ere.
8 Zeren bizi bagara, Jehobarentzat* bizi gara eta, hiltzen bagara, Jehobarentzat hiltzen gara. Beraz, bizi bagara nahiz hiltzen bagara, Jehobarenak gara.
9 Honetarako hil eta bizira itzuli baitzen Kristo: bai hildakoen eta bai bizirik daudenen Jauna izateko.
10 Baina zergatik epaitzen duzu zure anaia? Edo zergatik mespretxatzen duzu zure anaia? Izan ere, guztiok egongo gara zutik Jainkoaren epaitegiaren aurrean.
11 Idatzita baitago: «“Bizirik nagoen bezain ziur”, dio Jehobak, “belaun guztiak nire aurrean makurtuko dira eta mingain guztiek Jainkoa naizela aitortuko dute publikoki”».
12 Beraz, gutako bakoitzak eman beharko dio Jainkoari bere buruaren kontu.
13 Utzi batak bestea epaitzeari. Horren ordez, anaia baten aurrean oztoporik* edo trabarik ez jartzeko determinazioa eduki.
14 Badakit eta Jesus Jaunarengan konbentzituta nago, ezer ez dela berez zikina*. Norbaitek zerbait zikina dela pentsatzen duenean, orduan bakarrik da berarentzat zikina.
15 Horregatik, jaten duzunarekin zure anaia mintzen baduzu, dagoeneko ez zara maitasunaren bidetik ibiltzen ari. Kristo pertsona horrengatik hil zen, beraz, ez suntsitu* bere fedea jaten duzun janariarengatik.
16 Ez eman inori arrazoirik egiten dituzuen gauza onei buruz gaizki hitz egiteko.
17 Zeren Jainkoaren Erreinuak ez du zerikusirik jatearekin eta edatearekin, baizik eta, espiritu santuaren bidez, justiziarekin, bakearekin eta pozarekin du zerikusia.
18 Izan ere, Kristo morroi bezala horrela zerbitzatzen duenak, Jainkoa pozten du eta gizonen aprobazioa dauka.
19 Beraz, segi dezagun bakea bultzatzen duten gauzak eta batak bestea sendotzen* duten gauzak bilatzen.
20 Utzi Jainkoaren lana suntsitzeari janariarengatik bakarrik. Egia da gauza guztiak garbiak direla, baina gaizki dago* zerbait jatea beste pertsona batek estropezu egingo badu.
21 Hobe da haragirik ez jatea, ardorik ez edatea edo zure anaia estropezu egitera eramango duen ezer ez egitea.
22 Daukazun fedea, mantendu ezazu zu eta Jainkoaren artean. Zoriontsua da egitea erabakitzen duenarengatik bere burua kondenatzen ez duen gizona.
23 Baina zalantzak baditu eta jaten badu, kondenatuta dago, zeren ez du fedearengatik jaten. Izan ere, fedearengatik egiten ez den guztia bekatua da.
Oharra
^ Edo agian «ez epaitu barneko zalantzak».
^ Edo «estropezu harririk».
^ Hau da, Legearen arabera zikina.
^ Edo «hondatu; alferrik galdu».
^ Lit. «edifikatzen; eraikitzen».
^ Edo «kaltegarria da».