Mateo 10:1-42
10 Orduan, 12 dizipuluak elkartu zituen eta espiritu gaiztoak* botatzeko autoritatea eman zien, baita gaitz eta gaixotasun mota guztiak sendatzeko boterea ere.
2 Hauek dira 12 apostoluen izenak: lehenik, Simon (Pedro ere deitua), eta bere anaia Andres; Santiago Zebedeoren semea eta bere anaia Joan;
3 Felipe eta Bartolome; Tomas eta Mateo zergalaria; Santiago Alfeoren semea eta Tadeo;
4 Simon Gogotsua* eta Judas Iskariote (geroago Jesus traizionatu zuena).
5 12 hauek dira Jesusek bidali zituenak, eta honako argibideak eman zizkien: «Ez joan nazioetako jendearengana, eta ez sartu Samariako hiri bakar batean ere.
6 Horren ordez, joan behin eta berriro Israel nazioko* ardi galduengana.
7 Zoazte eta predikatu, esanez: “Zeruko Erreinua hurbildu da”.
8 Sendatu gaixoak, berpiztu* hildakoak, garbitu* lepradunak, bota deabruak. Dohainik jaso zenuten, dohainik eman.
9 Ez eraman urrerik, ez zilarrik, ezta kobrerik ere gerrikoan*.
10 Ez eraman aldatzeko jantzirik*, ez beste sandaliarik, ez beste makilarik, ezta bidaiarako janaririk ere, langileak bere janaria merezi baitu.
11 «Sartzen zareten edozein hiri edo herritan, bilatu nork merezi duen mezua, eta berarekin gelditu handik joan arte.
12 Etxe batean sartzean, agurtu etxekoak.
13 Etxeak merezi badu, egon dadila zuen bakea berarekin. Baina, merezi ez badu, itzuli dadila bakea zuengana.
14 Etxe edo hiri batean ez badizuete harrera ona ematen edo ez badituzte zuen hitzak entzun nahi, handik ateratzerakoan, astindu zuen oinetako hautsa*.
15 Benetan esaten dizuet Epai Eguna gogorragoa izango dela hiri horrentzat, Sodoma eta Gomorrarentzat baino.
16 «Begira! Ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Beraz, izan zaitezte sugeak bezala eta arriskutik urrundu; izan zaitezte usoak bezala eta ez eman inori minik.
17 Kontuz ibili, zeren jendeak epaitegien esku utziko zaituzte, eta beraien sinagogetan zigortuko*.
18 Gobernarien eta erregeen aurrera eramango zaituzte nire jarraitzaileak izateagatik, horrela, beraien aurrean eta nazioen aurrean testigantza eman ahal izango duzue.
19 Hala ere, haien esku zaudetenean, ez kezkatu nola edo zer esango duzuen pentsatuz, zeren momentu hori iristean adieraziko zaizue zer esan behar duzuen.
20 Izan ere, ez zarete zuek bakarrik hitz egiten ariko; zuen Aitaren espirituak hitz egingo du zuen partez.
21 Gainera, anaiak bere anaia emango du hil dezaten, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen aurka jarriko dira, eta hiltzeko emango dituzte.
22 Eta nire izenagatik jende guztiak gorrotatuko zaituzte. Baina azkenera arte irauten duena*, salbatua izango da.
23 Hiri batean pertsegituak izatean, egin ihes beste batera. Izan ere, benetan esaten dizuet: ez duzue inondik inora Israelgo hiri guztietan zuen lana bukatuko, Gizonaren Semea iritsi baino lehen.
24 «Ikaslea ez dute bere maisua baino hobeto tratatzen, ezta morroia ere bere nagusia baino hobeto.
25 Ikaslea maisua bezala tratatuko dute eta morroia nagusia bezala*. Etxeko jabeari Beeltzebub* deitu badiote, zer ez diete deituko bere etxekoei?
26 Ez izan jendearen beldur, ezkutuan dagoen guztia argi geratuko baita, eta sekretuan dagoen guztia ezagutuko.
27 Ilunpetan esaten dizuedana, esan egun argitan. Eta belarrira entzuten duzuena, zabaldu lau haizetara*.
28 Ez izan beldurrik gorputza hil arren, arima* hil ezin dutenei. Horren ordez, izan beldur, bai arima, baita gorputza ere suntsitu* dezakeenari.
29 Bi txori* oso balio gutxiko txanpon* baten truke saltzen dira, ezta? Hala ere, ez da bat bakarra lurrera erortzen zuen Aitak jakin gabe.
30 Zuen kasuan, buruko ile guztiak ere kontatuta dauzka!
31 Beraz, ez izan beldurrik. Txori askok baino gehiago balio duzue.
32 «Norbait, jendearen aurrean, nire alde jartzen bada, ni ere bere alde jarriko naiz zeruan dagoen nire Aitaren aurrean.
33 Baina norbaitek, jendearen aurrean, ez nauela ezagutzen esaten badu, nik ere zeruan dagoen nire Aitaren aurrean ez dudala ezagutzen esango dut.
34 Ez pentsa lurrera bakea ekartzera etorri naizenik. Ez naiz bakea ekartzera etorri, ezpata baizik.
35 Izan ere, banaketak sortzera etorri naiz: semea aitaren kontra, alaba amaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra.
36 Bai, hala da, bakoitzaren etsaiak bere etxekoak* izango dira.
37 Aita edo ama ni baino gehiago maite* duenak, ez du merezi nire dizipulu izatea. Eta semea edo alaba ni baino gehiago maite duenak, ez du merezi nire dizipulu izatea.
38 Eta tortura zutoina* onartzen ez duenak eta jarraitzen ez didanak, ez du merezi nire dizipulu izatea.
39 Bizia salbatzen saiatzen denak, galdu egingo du. Niregatik bizia galtzen duena, ordea, berriro biziko da.
40 «Ongietorria ematen dizuenak, niri ere ongietorria ematen dit. Eta ongietorria ematen didanak, bidali nauenari ere ongietorria ematen dio.
41 Profeta bati, profeta delako, ongietorria ematen dionak, profetaren saria jasoko du. Eta gizon zuzen bati, zuzena izateagatik, ongietorria ematen dionak, gizon zuzenaren saria jasoko du.
42 Benetan esaten dizuet: txiki hauetako bati, nire dizipulu delako, baso bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, ez da inola ere saririk gabe geldituko».
Oharra
^ Lit. «zikinak; kutsatuak».
^ Lit. «Kananaikoa». Grekoz «Zelote». Bi kasuetan gogotsua zela esan nahi du.
^ Lit. «etxeko».
^ Lit. «altxatu».
^ Edo «sendatu».
^ Gerriko honek dirua eramateko tokia zuen.
^ Lit. «bi jantzi».
^ Keinu honekin gainetik kentzen zuten ondorioen ardura.
^ Edo «zigorrez joko; azotatuko».
^ Edo «egoerari eusten diona; pertseberatzen duena».
^ Lit. «Nahikoa da ikaslearentzat bere maisua bezalakoa izatearekin, eta morroiarentzat bere nagusia bezalakoa izatearekin».
^ Satanasi, deabruen printze edo agintariari, deitzeko beste modu bat da.
^ Edo «esan ozen etxe gainetatik».
^ Edo «bizia», hau da, etorkizunean berriro bizitzeko aukera.
^ Edo «txolarre; hormatxori; paretatxori; gorrioi».
^ Lit. «asarion». Gizon batek 45 minutuz lan egiteagatik jasotzen zuen soldata.
^ Edo «bere familiakoak».
^ Edo «estimatzen».