Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

5. GALDERA

Arrazoizkoa al da Biblian sinestea?

Arrazoizkoa al da Biblian sinestea?

Epaitu al duzu gaizki pertsonaren bat ezagutu gabe? Agian berari buruz hitz egiten edo berak esandakoa aipatzen entzun diozu norbaiti. Baina ezagutu duzunean, ez dela esan dizuten bezalakoa konturatu zara. Horixe da pertsona askori Bibliaren inguruan gertatu zaiona.

Eskoladun askok gutxietsi egiten dute Biblia. Ba al dakizu zergatik? Askotan bere hitzak okertuak izan direlako, edota hauek aipatzean, zentzugabeak direla, zientziarekin bat ez datozela edota erabat oker daudela aditzera eman izan delako. Posible al da Bibliak dioena faltsutu izana?

Liburuxka hau irakurtzen aritu zaren bitartean, harritu al zaitu Bibliak dioena zientziari dagokionez zehatza dela jakiteak? Asko zur eta lur gelditzen dira. Gainera, erlijio askok Bibliari egozten dizkioten gauza batzuk Bibliak benetan ez dituela esaten jakitean harritu egiten dira. Adibidez, Bibliak Jainkoak unibertsoa eta izaki bizidun guztiak 24 orduko sei egunetan sortu zituela irakasten duela esaten dute batzuek. Baina Biblian ez dago unibertsoaren edo lurraren adinari buruzko zientzialarien kalkuluekin kontrajarrian dagoen ezer. *

Horretaz gain, Jainkoak lurrean bizia nola sortu zuen adierazten duen Bibliako pasarte laburrak tarte zabala ematen die ikerketa eta teoria zientifikoei. Bibliaren arabera, Jainkoak bizi-forma guztiak sortu zituen eta izaki bizidun guztiak «zein bere motaren arabera» sortuak izan ziren (Hasiera 1:11, 21, 24, Du). Adierazpen horiek agian ez dira bat etorriko teoria zientifiko batzuekin. Baina ez daude inola ere frogatutako gertakizun zientifikoen kontra. Teoriak joan eta etorri egiten direla erakusten du zientziaren historiak; baina frogek iraun egiten dute.

Hala ere, jende askok Biblia aztertzeko zalantzak ditu erlijioarekin dezepzionatuta dagoelako. Izan ere, erlijioetan itxurakeria, ustelkeria eta gerrazalekeria ikusten dute. Baina bidezkoa al da Biblia bere printzipioen arabera bizi direla esaten dutenen jokabidean oinarrituz epaitzea? Bihotz oneko zientzialari zintzo asko izutu egin dira pertsona biolentoek beraien helburu arrazistak justifikatzeko eboluzioaren teoria erabili izan duten moduarekin. Bidezkoa izango al litzateke eboluzioaren teoria oinarri horren arabera epaitzea? Zalantzarik gabe, teoria horrek esaten duena aztertzea eta frogekin konparatzea izango litzateke hoberena.

Bibliarekin berdin egitera animatzen zaitugu. Harritu egingo zaitu Bibliako irakaspenak erlijio gehienetakoekin alderatuta oso desberdinak direla jakiteak. Gerra eta indarkeria etnikoa bultzatu beharrean, Jainkoaren zerbitzariek gerrak, baita hauek bultzatzen duten gorrotoa ere, gaitzetsi behar dituztela irakasten du Bibliak (Isaias 2:2-4; Mateo 5:43, 44; 26:52). Fanatismoa eta frogarik gabe sinestea bultzatu beharrean, benetako fedea izateko frogak ezinbestekoak direla eta Jainkoa zerbitzatzeko nahitaezkoa dela arrazoitzeko gaitasuna irakasten du Bibliak (Erromatarrei 12:1NWT; Hebrearrei 11:1NWT). Jakin-mina itzali beharrean, gizakiok geure buruari egiten dizkiogun galdera zail eta txundigarrienak ikertzera animatzen gaitu Bibliak.

Adibidez, inoiz galdetu al diozu zeure buruari Jainkoa existitzen bada zergatik uzten duen gaiztakeria izaten? Galdera honi, eta beste askori ere, erantzun asegarriak ematen dizkie Bibliak. * Egia bilatzen jarraitzera animatzen zaitugu. Erantzun txundigarri, zirraragarri, arrazoizko eta, batez ere, froga sinesgarrietan oinarritutakoak aurkituko dituzu. Eta hori ez da halabeharrezkoa!

^ Gehiago jakiteko, jo Jehobaren lekukoek argitaratutako Bizia: ustekabean sortua? liburuxkara.

^ Ikus ezazu Jehobaren lekukoek argitaratutako Gozatu bizitzaz betirako! liburuko 26. kapitulua