Nork hobetuko du Lurraren egoera?
Pertsona askok gizakia Lurra eta bertan dauden bizidunak kaltetzen ari dela uste dute, eta honengatik oso kezkatuta daude. Ingurumen-aditu batzuen arabera, gizakien ekintzak, inoiz ez bezala, espezie asko desagertzeko arriskuan jartzen ari dira eta gure planetaren biodibertsitatea kaltetzen ari dira.
Gizakiok Lurra suntsituko dugu ala natura kaltetu gabe bizitzea lortuko dugu?
Arrakastarik izango al dute gizakiaren esfortzuek?
Aditu askok gizakiok Lurra babestu dezakegula eta bertan natura kaltetu gabe bizi gaitezkeela uste dute. Ikertzaile batzuen arabera, gizakien esfortzuek arrakasta izateko, aldaketak arlo desberdinetan eta aldi berean egin beharko lirateke. Egin beharreko aldaketa batzuk hauek dira:
Zelaiak, basoak, hezeguneak eta ozeanoak erabiltzeko moduak hobetu.
Energia iturri desberdinak eta lurra lantzeko modu desberdinak erabili.
Janaria ekoizteko eta banatzeko sistema aldatu, pertsonek begetal gehiago, eta haragi eta arrain gutxiago kontsumitzeko. Era horretara, kontsumitzen den eta galtzen den janari kopurua murriztuko litzateke.
Bizi kalitate ona izateak gauza materialak pilatzearekin zerikusirik ez duela onartu.
Zer uste duzu? Errealista al da gobernuak, enpresak eta gizabanako bakoitza, inoiz ez bezala, bata bestearekin elkarlanean arituko direla pentsatzea? Edo hau ezinezkoa dela uste al duzu, pertsona batzuk gutiziatsuak eta berekoiak direlako, eta ez dutelako etorkizunean pentsatzen? (2 Timoteori 3:1-5).
Esperantza izateko arrazoia
Bibliak Lurrak biziraungo duela ziurtatzen digu. Lurra salbatzeko gizakion esfortzuak zergatik ez diren nahikoak azaltzen du eta hau lortzeko beharrezkoa den aldaketari buruz hitz egiten du. Ez hori bakarrik, aldaketa hau nola gertatuko den ere azaltzen du.
Zergatik ez dira nahikoak gizakien esfortzuak Lurra salbatzeko? Jehobak a Lurra sortu zuen eta hau zaintzeko ardura eman zien gizakiei (Hasiera 1:28; 2:15). Euren eginkizunean arrakasta izango zuten, euren Sortzailearen gida bilatzen bazuten eta bere jarraibideak obeditzen bazituzten soilik (Esaera Zaharrak 20:24). Baina hori egin beharrean, Jehoba baztertu zuten eta beraien erabakiak hartu zituzten euren Sortzailea kontuan hartu gabe (Kohelet 7:29). Gizakiak ez dira Jehobaren laguntzarik gabe Lurra zaintzeko gai. Beraz, nahiz eta hobekuntza txikiak lortu, ez dira benetako arrakasta izateko gai izango (Esaera Zaharrak 21:30; Jeremias 10:23, NWT).
Beharrezkoa den aldaketa. Jainkoak ez du gizakiak Lurra suntsitzen utziko (Apokalipsia 11:18). Berak ez ditu Lurra kaltetzen ari diren gobernuak eta gizartea hobetuko; ordezkatu egingo ditu (Apokalipsia 21:1). Arrazoi honengatik, Jehobak honakoa dio: «Hara, gauza guztiak berri egiten ditut» (Apokalipsia 21:5).
Nola burutuko da aldaketa hau? Jehobak giza gobernuak bere zeruko gobernuarekin, hau da, Jainkoaren Erreinuarekin, ordezkatuko ditu. Gobernu horrek, Jesu Kristoren agintaritzapean, Lur osoa aginduko du (Daniel 2:44; Mateo 6:10).
Jainkoaren Erreinuak Jainkoaren arau justuen arabera bizitzen irakatsiko digu gizakioi. Jainkoa geure Sortzailea dela onartzean eta bere gida jarraitzean, naturarekin orekan bizitzeko gai izango gara (Isaias 11:9). Jainkoaren Erreinupean, herritarrek planeta kaltetu gabe kalitatezko bizitzaz gozatuko dutela azaltzen du Bibliak. Erreinu honek honakoa lortuko du:
Guztiok janaria izatea (72. Salmoa 16).
Baliabide naturalak lehengo egoerara itzularaztea (Isaias 35:1, 2, 6, 7).
Gizakiak eta animaliak orekan bizi daitezen ziurtatzea (Isaias 11:6-8; Oseas 2:20 [2:18, NWT]).
Hondamendi naturalak saihestea (Markos 4:37-41).
Ziur egon zaitezke Jainkoaren Erreinuak laster aldaketa hauek guztiak burutuko dituela. Informazio gehiagorako, irakurri «¿Cuándo gobernará la Tierra el Reino de Dios?» edo «Quand le royaume de Dieu dirigera-t-il la terre ?» artikulua.
a Bibliaren arabera, Jehoba da Jainkoaren izena. Informazio gehiagorako, ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 4. ikasgaia: «Nor da Jainkoa?».